Imanol Lopez puntista zumaiarrak erreakzioaren beharra zuen Jai Alai ligan gora egin nahiko bazuen. Ipar Euskal Herriko zesta punta denboraldian ez zuen hasiera ona izan, baina aste honetan bestelakoa izan da emaitza.
Lau partida jokatu ditu Lopezek aste honetan; lau egun jarraian atera da kantxara, eta lauretan garaipena erdietsi du. Astelehen eta asteazkenean Johanekin aritu zen Biarritzen, eta Garcia-Laborde eta Urreisti-Manciri irabazi zien; asteartean eta ostegunean, berriz, Donibane Lohizunen izan zituen norgehiagokak, eta Urreisti-Minvielle eta Laduche-Manciri irabazi zien bi partida horietan.
Biarritzeko, Donibane Lohizuneko eta Paueko slametara sailkatzea ere lortu du Lopez, eta horrek oraindik eta puntu gehiago lortzeko aukera emango dio.
Gaur gaurkoz, laugarren atzelari onena da Imanol Lopez Jai Alai Ligako sailkapenean, 8.200 punturekin. Aurretik zuen Manci mutrikuarra atzean utzi du aste honetan lortutako garaipenei esker.