Amaierara heltzen hasi da dagoeneko 53. Dinastia Etxabe txapelketa. Hain zuzen, gaur iluntzean lehen bi finalerdiak jokatuko dituzte Aitzuri frontoian, 21:00etatik aurrera. Lau bikoteek abuztuaren 28an jokatuko den final handirako txartela izango dute jokoan.
Alde batetik, eliteen mailan, Amiano II.ak eta Landak Rekalderen eta Apeztegiaren aurka jokatuko dute neurketa. Lehen bikotea da txapelketako txapela janzteko faborito nagusietako bat, baina Rekalde eta Apeztegieta indartsu iritsi dira azken txanpa honetara. Izan ere, erraz irabazi zuten lehen kanporaketa Cestau eta Lazkoziren aurka 22-10 eginda.
Bestetik, gazteen mailan, Egurrolak eta Motok osatutako bikoteak Salaberria anaiak izango dituzte aurrez aurre. Lehen bikoteak bikain hasi zuen txapelketa, Aldaz-Okiñena bikoteari 22-9 irbazita. Beraiek ezarri zuten partidaren erritmoa, eta eroso aritu ziren amaierara arte. Salaberria anaia nafarrek 22-13 irabazi zieten Nazabali eta Figueroari lehen kanporaketan. Elkar oso ondo ezagutzen dutela eta bikote sendoa direla erakutsi zuten neurketa horretan.
Ostegunean jokatuko dituzte bigarren finalerdiak, eta bertako emaitzek erabakiko dituzte finaleko bikoteak.
- Jubenilak: Murua-A.Etxeberria vs Ramirez-Segurola.
- Eliteak: Apezetxea-Santesteban vs Beitia-Elorz.