Dinastia Etxabe 2025

Egurrola-Moto eta Amiano-Landa, Dinastia Etxabeko lehen finalistak

Mireia Galarza Bastida 2025eko abuztuaren 19a

23 urtez azpiko pilotariak. (Utzitakoa)

Elite mailan, Amianok eta Landak 22-15 irabazi zieten Rekalde eta Azpetegiari. Jubeniletan, aldiz, Egurrola eta Moto izan ziren nagusi, Salaberria anaiei 22-13 irabazita. Osteguneko partidetan jakingo dute zeintzuk izango diren hilaren 28an finalak jokatuko dituzten beste kirolariak. 

Zumaiako Dinastia Etxabe txapelketak baditu dagoeneko bere lehen finalisten izenak. Atzoko garaipenarekin Egurrola eta Moto -jubeniletan- eta Amiano eta Landa -23 urtez azpikoetan- izango dira abuztuaren 28an txapelen bila Aitzurin lehiatuko diren kirolariak. Ostegunean jakingo dute egun handi horretan zeintzuk izango dituzten parean, Murua-Etxeberriak eta Ramirez-Segurolak nahiz Apezetxea-Santestebanek eta Beitia-Elorzak orduantxe jokatuko baitituzte bigarren finalerdiak. Harmailetan ere nabaritu zen atzokoan garrantzi handiko partidak zirela, txapelketan orain arteko jende gehien gerturatu baitzen Aitzurira.

Partidak estuak izan ziren, batez ere 23 urtez azpikoena. Begirada gehienak laster profesional izango den Unai Amiano eta Unax Landarengan bazeuden ere, Rekaldek eta Apeztegiak ere maila bikaina dutela erakutsi ahal izan zuten lehia gogorrean. Akatsak-akats, azkenean Amiano-Landa gipuzkoarrek lortu zuten garaipena, orain arteko aurreikuspenak goitik behera betez. Bikoteak aurkeztu zituztenetik, txapelerako faborito garbia izan da aipatutako bikotea. Atzokoan, hori bai, orain arte ez bezala sufritu behar izan zuten beste bikote handi baten aurka. Aspe oso gertutik jarraitzen ari den Rekalde hasieratik murgildu zen partidan, eta lehen aldeak urdinak izan baziren ere, laster hartu zuten gorriek markagailuaren kontrola takada asko izan zituen lehian. Atzelariek euren parekoa menderatzea lortzen zutenean aurrelariek etekina ateratzen zioten eta tanto eta pilotakada ikusgarriak ikusi ahal izan ziren.

Tantorik txalotuenak agian Rekalderenak izan baziren ere, Amianok ere bere dohainak erakutsi ahal izan zituen, pilota urruti jarri eta errematean ondo asmatuta. Lan erdietara lau tantoko aldearekin heldu ziren irundarra eta oiartzuarra. 15-9 aurreratu zirenean partida erabakita zegoela zirudien arren, huts batzuk pilatu eta 16-14ra gerturatu ziren Rekalde eta Apeztegia. Gipuzkoarrek, orduan, beste martxa bat jarri zioten partidari eta ia zuzenean joan ziren 22. tantora. 22-15 irabazi zuten partida. 

Jubeniletan, lehia gutxiago

Jubenilen partidan, Egurrola bizkaitarrak eta Moto arabarrak euren fisiko hobeari eta mailari etekina atera zioten, eta askoz bigunago aritu ziren Salaberria anaiei gailendu zitzaizkien, piloteoari beste erritmo bat sartuta. Gainera, aurrelariari eskuina nahikoa goiz izorratu zitzaion eta horrek are maldan gorago jarri zuen lehen pilotakadatik kontra izan zuten partida. Biki nafarrek 6-5era arte eutsi ahal izan zioten arren, 6-0eko partzial batek gauzak bizkaitarraren eta arabarraren oso aldeko jarri zituen, jokoan nagusi izan baitziren.

Jubenilak. (Utzitakoa)

Aipatzekoa da Markel Egurrolaren maila, dozena erdi tanto baino gehiago egin baitzituen, partida borobila jokatuta. Eñaut Moto ere oso sendo aritu zen partida osoan zehar, ia akatsik egin gabe. Ez zuen bere kolpearekin aurkaria hautsi, baina bere meritua defentsan oinarritu zen, une oro kantxan ondo kokatzean eta aurkariak beste bat pilotakada bat jotzera behartzean. Hor agertu ziren ahulen Salaberria anaiak, bien artean 14 akats egin baitzituzten, horietatik bederatzi Markel aurrelariarenak. Julenek, berriz, pilotakada on batzuk jo zituen, baina ez zuen aurrelariaren laguntza nahikoa izan bere nagusitasunari etekina ateratzeko. 22-13 irabazi zuten partida bizkaitarrak eta arabarrak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide