Olagarro Eguna 2025

Olagarro egunean lan egin nahi dutenek bihar izango dute izena emateko azken eguna

Mireia Galarza Bastida 2025eko abuztuaren 19a

Hainbat boluntario, Olagarro egunean lanean. (Intza Trula)

Txosnetan brotxetak egin eta saltzen nahiz herri bazkaria banatzen lan egiteko, herriko elkarteei lanerako deia egin die aurten ere Zumaiako Udalak.

Bihar hilabete ospatuko dute Zumaian 2025eko Olagarro Eguna, irailaren 20an, zehazki. Ohi bezala, jaki preziatua dastatzeko aukera izango dute zumaiarrek nahiz bisitariek herriko puntu desberdinetan, eta herri bazkaria ere izango da, Eusebio Gurrutxaga plazan. 

Txosnetan brotxetak egin eta saltzen nahiz herri bazkaria banatzen lan egiteko, herriko elkarteei lanerako deia egin die aurten ere Zumaiako Udalak. Abuztu hasieratik irekita izan dute elkarteek izen ematea, baina bihar itxiko dute horretarako epea. Nahi dutenek, 943 14 33 96 telefono zenbakira deitu edo turismoa@zumaia.eus helbidera idatzi beharko dute. 

Txosnak eta bazkaria

Ondorengoak lirateke egin beharreko lanak:

  • Txosnetako lana: txosna bakoitzeko talde bat. Ostiralean talde bakoitzetik 20 lagun (16 urtetik gorakoak) gutxienez, olagarroa moztu eta brotxetak egiteko bildu beharko dira. Larunbatean, berriz, 09:00etatik 23:00etara luzatuko da egin beharreko lana, eta txosna bakoitzean 15-20 lagun aritu beharko dira.
  • Herri bazkaria zerbitzatzea: talde batentzat lana. Lan honetako ezaugarri nagusiena da 400 lagunei herri bazkaria zerbitzatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak ezartzea, bazkaria atera, txartelak kendu eta karpara sarrerak zaintzea, eta baita ondorengo txukuntze eta jasotze lanak ere (25 bat lagun). Sukaldaritza erakustaldirako beharrezko azpiegitura prestatu eta jasotzea ere talde honen ardura izango da. Muntatze-desmuntatze lanen koordinazioa udalaren eta herri bazkariko eta txosnetako kudeatzaileen artean egingo da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide