Dinastia Etxabe 2025

Dinastia Etxabe txapelketako azken finalaurrekoa jokatuko dute bihar

Mireia Galarza Bastida 2025eko abuztuaren 20a

Pilotariak, Dinastia Etxabe txapelketa jokatzen. (Artxiboa)

Zehazki, Harkaitz Murua eta Etxeberria, Ramirez eta Segurolaren aurka ariko dira gazteen mailan, eta Apezetxeak eta Santestebanek Beitia eta Elorzen aurka neurtuko dituzte indarrak. 

Pilotazaleek zein pilotariek hitzordua izango dute gaur gauean Aitzuri pilotalekuan. Izan ere, 21:00etatik aurrera, Dinastia Etxabe pilota txapelketako azken finalaurrekoa jokatuko dute bertan. Zehazki Harkaitz Murua eta Etxeberria, Ramirez eta Segurolaren aurka ariko dira gazteen mailan, eta Apezetxeak eta Santestebanek Beitia eta Elorzen aurka neurtuko dituzte indarrak. 

Koadroaren beste aldean ez bezala, zerrendaburu izaerarik ez eta txapelketan behe-behetik hasi behar izan zuten bi bikotek jokatuko dute finalerdia. Apezetxea-Santestebanek 22-7 gainditu zituzten lehen kanporaketan Zabaleta eta Goiburu eta, normala den bezala, finalerdietan egoteko gehiago sufritu behar izan zuten faborito gisa irten ziren Lizeaga-Bernaola (22-16) gainditu ahal izateko. Zuzentasuna eta segurtasuna izan dira orain arte nafarren dohainik nagusienak, bikote oso lehiakorra osatzen dute goizuetarrak eta Zubietakoak, ezer gutxi oparitu dute orain arte, eta horretan jarraitzeko asmoa dute. Hori bai, Apezetxeak ezker zoragarri bat du errematerako eta aukerak dituenean ere saiatuko da aurkariak arazoetan ipintzeko. Bere atzelariak ere ezker oso dotorea du eta edozein bikoterentzat aurkari oso deserosoak dira. 

Beitia-Elorz bizkaitarrek ere bi kanporaketa gainditu behar izan dituzte finalerdietarako sailkatzeko eta jokatutako bi partidetan itxura ederra eskaini zuten. Aranbarri-Balerdi erraz kanporatu zituzten aurreneko partidan (22-10) eta askorentzat orain arteko txapelketako ezustekoa eman zuten Zubizarreta-Lozari (22-16) gailenduta. Kantxan, ordea, aurkariak baino askoz hobeak izan ziren eta maila horri eusteko gai badira, edozeini irabazteko gaitasuna dutela erakutsi zuten. Aurreko ostegunean, laster Asperekin debuta egingo duen Carmelo Loza errioxarra nabarmen dominatu zuen Zaratamoko atzelari ezkerrak eta esan dezakegu, orain arte, Aitzuriko pilotazaleak gehien harritu dituen pilotaria izan dela bizkaitarra. Kantxa bikain kubritzen du eta itxura batera eman dezakeena baino askoz gehiago ematen dio pilotari. Bere atzelariaren lan onaren babesean Beitia oso ausart ari da jokatzen eta aireko jokoari etekin handia atera dio orain arte.

Jubeniletako parte hartzaileek partida bakarra jokatu behar izan dute orain arte eta Harkaitz Muruak eta Aitor Etxeberriak 22-13 irabazi zieten Izagirre eta Salinasi. Dagoen aurrelari ikusgarrienetako bat da altzotarra, baina Zumaian aurten jokatutako partida bakarrean nahiago izan zuen praktiko jokatu, bere atzelariak goitik-behera dominatu baitzuen Salinas. Oiartzuarra gai da berriz ere atzean ekimena eramateko, baina finalean egoteko atzera kargatzea ez da nahikoa izango. 

Izan ere, Ramirez-Segurolak oso itxura sendoa eskaini zuten Olaiz-Artetxeri 22-9 gailentzeko. Atzelari asteasuarrak ez zuen apenas akatsik egin final laurdenetako partidan eta eguna duenean, berme osoko pilotaria da. Aurrean, Unax Ramirez aurrelari sopeloztarrari partidei erritmo handia sartzea gustatzen zaio, pilotari abiadura handia sartu ohi dio, bereziki bolearekin.

Beste egun batez, Aitzurira gerturatzeko motiborik ez da bihar iluntzean. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide