Olagarro Eguna 2025

Irailaren 1ean zabalduko dute Olagarro Eguneko batel estropadetan parte hartzeko epea

Mireia Galarza Bastida 2025eko abuztuaren 21a

Duela bi urteko batel estropada. (Imanol Manterola)

Zumaiako Udalak jakinarazi duenez, irailaren 1etik 17ra bitartean eman ahalko da izena ekintza horretarako, Lubaki kiroldegian. 

Irailaren 20an ospatuko dute Olagarro Eguna, eta ohi bezala, batel estropadak jokatuko dituzte, XVII.a aurtengoa. Zumaiako Udalak jakinarazi duenez, irailaren 1etik 17ra bitartean eman ahalko da izena ekintza horretarako, Lubaki kiroldegian. 

Erakundeak azaldu duenez, talde bakoitzak lau partaide izan beharko ditu, horietako bi gutxienez zumaiarrak. Gainera, kuadrilla bakoitzak arduradun bat izendatu eta bere telefono zenbakia eman beharko du. Parte hartzaileek gutxienez 13 urte izan behar dituztela ere zehaztu du udalak. 

Sarien berri ere eman dute antolatzaileek. Irabazleek Geoparkeak eskainitako bisita gidatua jaso dute, eta gainera, emakumeen partaidetza saritzeko bandera berezia banatuko dute. Horretaz gain, parte hartzaile guztien artean bisita gidatu bat zozkatuko dute. 

Entrenatzeko aukera

Olarro Egunaren aurretik parte hartzaileek Lasuna txalupa erabiltzeko aukera izango dute irailaren 1etik 19ra. Horretarako, baina, turismo bulegora joan, 943 14 33 96 telefonora deitu edo eskaera udalaren webgunean egin beharko dute. 

Izena emateko orria, estropadaren araudia, Lasuna batela erabiltzeko baldintzak eta entrenamenduen ordutegia leku honetan bisitatu daitezke. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide