Erabakita daude 53. Dinastia Etxabe pilota txapelketako finalean izango diren bikoteak. Atzo iluntzeko partidak irabazi ostean, Apezetxea-Santesteban eta Murua-Etxeberria bikoteak dira eskuzko modalitateko bigarren finalistak, hain zuzen ere.
Lehen partidan, 23 urtez azpikoen kategoriakoan, Apezetxeak eta Santestebanek osatutako bikoa 22 eta 15 gailendu zitzaion Beitiari eta Elorzi. Horrenbestez, irabazleek Amiano II.aren eta Landaren aurka jokatuko dute final handia.
Santestebanek eta Elorzek Zumaian erakutsi zuten atzelarien arteko lanak ere ikusgarriak izan daitezkeela. Partidaren lehen erdian nor baino nor aritu ziren biak, pilota urrun ibiltzen eta aurrelariei jokoan sartzeko ia aukerarik eman gabe. Apezetxeak eta Santestebanek indartsu abiatu zuten partida, aurkariei 6-0 aurreratuta. Hala ere, Beitiak eta Elorzek gogor jarraitu zuten lanean, eta bi puntuko aldea izatera heldu ziren (11-9).
Bere aldetik, Apezetxeari kosta egin zitzaion angelu egokia topatzea, baina aurreko koadroetako lehian garaile zen. Azkenean aurrelari bizkaitarrak bederatzi pilota utzi zituen eraman gabe, eta bertan erabaki zen partida. Izan ere, atzean Santestebanek Elorz dominatzea lortu zuen, eta honek azken txanpan Apezetxeari zenbait tanto egiteko aukera eman zion, finalerako txartela eskuratuz.
Jubeniletan maila altua
Jubenilen mailari dagokionez, lehia zertxobait estuagoa izan zen: Muruak eta Etxeberriak 22 eta 18 irabazi zieten Ramirezi eta Segurolari. Markagailu horrekin, Murua eta Etxeberria izango dira finalean, eta Egurrola eta Murua izango dituzte aurrez aurre. Lau pilotariak bikain aritu ziren jokoan, eta pilotazaleek partida bikainaz gozatzeko aukera izan zuten.
Guztiak aritu ziren bikain, baina Muruak egindako partida txalotzekoa izan zen. Hala ere, partidaren lehen erdiko protagonista Ramirez bizkaitarra izan zen, pilotari abiadura izugarria eman baitzion, bereziki sakez. Lehen pilotakadarekin arrisku handiak sortu zituen, behetik, motz edo zabalera aterata. Bolearekin ere indartsu aritu zen, behetik gora egin zuen Segurola on batek lagunduta.
Bigarren erdian, ordea, Muruak partidaren zama bizkar gainean hartu zuen, eta gorriek buelta eman zioten partidari. Lehia asko gogortu zen finalerdiaren bigarren txanpan, eta hor altzotarra bikain aritu zen tantoak amaitzerako orduan, txokoan min handia eginez. 15-12 aurreratu ziren Murua eta Etxeberria, eta tarteka partida hautsiko zela zirudien arren, azkenera arte dena eman behar izan zuten, pilotazaleen gozamenerako.
Finalerdiak amaitzearekin batera, antolatzaileek atzo iluntzean Aitzuriko harmailetan izandako "giro polita" nabarmendu nahi izan dute: "Aurtengo txapelketako jardunaldirik onena izan da, zalantzarik gabe".
Abuztuaren 28an jokatuko dituzte finalak, baina, aurretik, zesta puntako finalerdiek hartuko dute Aitzuri. Abuztuaren 25ean, astelehenez izango da, eta ondorengoak dira bikoteak: Erikek eta Urangak osatutako bikoak Celaya eta Oyhenard izango dituzte aurrez aurre lehen partidan; bigarrena, berriz, Cosmek eta Atainek jokatuko dute, Basterraren eta Argoitiaren aurka.