Ligako azken estropadak jokatuko dituzte asteburuan herriko arraunlariek

Mireia Galarza Bastida 2025eko abuztuaren 22a

Zumaiako neska, duela bi asteko estropadan. (Aitor Arrizabalaga)

Neskek estropada bana jokatuko dute Ondarroan eta Getarian. Mutilen trainerua, aldiz, Bilbon eta Castron izango da. 

Arraun denboraldia ari da bere bukaerara iristen, eta horrekin batera, ligako azken estropadak jokatuko dituzte asteburu honetan etxeko traineruek.  

Euskotren ligari dagokionez, Ondarroan eta Getarian ariko dira asteburuan. Bihar V. Ondarroako Bandera jokatuko dute, 17:20ean. Igandean, aldiz, etxe alboan izango dute estropada, eta 11:20 aldera uretaratuko dira arraunlariak, II. Getariako Ikurrina-Iparragirre 75 urte Sari Nagusiaren bila. Berezia izango da asteburukoa, bertan ikusiko baita Saregileak traineruak nola amaituko duen liga denboraldian zehar lan txukuna egin ostean. 

KAE1 ligan, berriz, Zumaiak hitzordu bikoitza izango du asteburuan. Bihar Bilbon izango du estropada, eta XLVII. Villa de Bilbao Ikurrina eskuratzera aterako dira, 16:40ean. Igandean, berriz, LIII. Castroko Bandera jokatuko dute, 16:00etan. Azken hau beroagatik bertan behera utzi zuten duela astebete. Momentuz, Zumaia seigarren postuan dago kokatuta 89 punturekin.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide