Olagarro eskasia dela eta aurten Olagarro Egunik izango ote zen herritarren artean zalantzak izan baziren ere, udalak aurten ere festa antolatzea erabaki du. Irailaren 20an egingo da, larunbatez, eta ohi bezala olagarroa protagonista izango duen egitaraua prestatzeari ekin diote. Programaren barruan hutsik egingo ez duena udalak eta Distira argazki elkarteak antolatzen duten argazki rallya izango da.
Aurten XIX. aldia beteko du argazki lehiaketa horrek, eta argazkizale orok hartu ahal izango du parte, beti ere, kamera digitalekin. Goizetik eguerdira bitartean aterako dituzte parte hartzaileek beraien argazkiak, eta behin epea amaituta aurkeztu beharko dituzte, ondoren epaimahaikideek aztertu al ditzaten.
Izen ematea irailaren 20an, larunbata, goizeko 09:00etatik 10:00etara, Alondegiko Oxford aretoan egingo da. Parte hartzea dohainik izango da. Gaiak izena ematerako orduan jakinaraziko dira. Argazkiak Zumaiako udalerriaren muga barruan egin beharko dira. Memoria-txartela hutsik egongo da rally hasieran. Txartelak 13:00etatik 14:00etara deskargatuko dira izena emandako toki berean. Nahi diren argazki guztiak atera ahal izango dira, baina txartela deskargatzeko garaian 36 argazki bakarrik egongo dira bertan, JPG formatuan. Lehenengo argazkia parte-hartzailearen aurpegiaren argazki bat izango da.
Parte-hartzaile bakoitzak 5 argazkiz osaturiko bilduma aurkeztu beharko du (+ kontrolekoa), deskargatutako 36 argazkien artean aukeratutakoak; gai bakoitzeko argazki batez osatuko da bilduma. Hautaketa egiteko, mezu elektroniko bat bidali behar da olarroeguna@gmail.com helbidera, 2025eko irailaren 28a baino lehen (igandea). Bertan, parte-hartzailearen zenbakia eta gai bakoitzerako aukeratu den argazkiaren artxibo izenak zehaztuko dira.
Sari banaketa publikoki egingo da. Eguna, ordua eta lekua garaiz iragarriko dira.