Biderbost taldeko abeslaria eta gitarrista da Fernandez. Harekin batera, Mikel Larrañagak (gitarrak, sintetizadoreak eta koruak), Imanol Balentziagak (baxua eta gitarra) eta Ibon Gorritik (bateria eta perkusioa) osatzen dute taldea. Laukoteak Zamalanak izeneko sei abestiko EPa plazaratu zuen maiatzaren hasieran. Beraiek ondutako abestiek osatzen dute diskoa, baina bada salbuespen bat: Mark Laneganen Hit The City kantaren bertsioa den Hemen naiz hiri. Clara Husterrek abestu du kanta horretan. Beste abesti batean, Haizearen menpe-n, Maialen Velarderen kolaborazioa izan dute: Marlikeko abeslari ohiak sinatu ditu hitzak.
Bigarren diskoa atera duzue. Nola izan da grabazioaren prozesua?
Aurrekoa bezala, Ozen estudioan grabatu dugu. Lehen diskoa atera genuenean, grabatutakoak baino kanta gehiago genituen; erdi prest zeuden, behintzat. Kontzertuak ematen hasi ginenean, grabatutako lau kanta haiek besterik ez genituen, eta 45 minutu inguruko kontzerturako errepertorioa behar genuen. Kanta berriak ondu genituen, bertsio batzuk ere bai, eta konturatu ginen ondo entseatuta genituela, zuzenean jotzen genituela, eta grabatzeko prest geundela. Nahiko natural joan da dena, prestatuta genituelako. Baina egia da behin grabatzera joatean, gauza berriak okurritzen zaizkigula. Grabazio aurretik lokalean entseatzen dugunean ere gauza berriak probatzen ditugu.
Aurrerapen gisa atera duzuen Zanbuila I arraroa da. Hasteko, instrumentala da.
Bai, diskoan Zanbuila I eta Zanbuila II bezala banatu ditugun kantuak zuzenean batera jotzen ditugu, hamar minutu inguruko abestia bihurtuz. Hasiera batean diskoan ez genekien biak batera jarriko genituen, hamar minutuko kanta bakarrean. Baina gaur egun dagoen joerarekin, akaso gehiegizkoa izango litzateke! Pentsatu genuen gonbidapen bat izan zitekeela kanta ez entzuteko. Azkeneko entsegura arte zalantzan ibili ginen. Intro moduan sartzea okurritu zitzaigun, melodia bat ere sortu genuen, gero abestiaren bigarren zatian erabili duguna.
Estudioan sartzean beste aukera batzuk sortu ziren. Gauza horiek ez dira prestatzen, horrela ateratzen dira. Ahotsak abestian ere melodia bat sortu genuen gero zabaldu egin genuena. Hori Jurgiren (Taboada, ekoizlea eta Ozen estudioaren jabea) ideia izan zen. Azkenean, estudioak ematen du askatasun hori eta eskertzen da.
Esperimentatzeko aukera ematen du estudioak, ezta?
Bai, pedal batzuk ere utzi zizkiguten, batzuk guk sekula erabili gabekoak. Probatu, eta ikusi genuen kristoren efektuak sortzen zituela. Zanbuila I, adibidez, nahiko atmosferikoa da, eta hori ere horrela sortu zen. Oinarrizko gitarra, baxua eta melodia genituen, eta hor hasi ginen beste gitarra batzuk sartzen, pedalak erabiliz. Erabat inprobisatua izan zen.
Abesti horrek haustura bat suposatzen du, gehienbat ikusita atzetik zer datorren.
Nahita egin dugu, despistera jokatzeko pixka bat. Abesti instrumental bat atera edo ez, hortik joan da, despistatzeko. Gero, gainera, azken abestia lehenengoaren jarraipena denez, bada hara heltzera laguntzeko egin dugu. Formatu fisikoan aterako bagenu, Zanbuila I eta II diskoaren alde batean joango lirateke, eta gainontzekoak beste aldean, batzuk besteekin zer ikusirik ez dute eta.
Hor sortu zitzaigun zalantza, formatu fisikoan atera edo ez. Gaur egun, errealistak izanda, eta gure mailako talde bat izanda, diskoa fisikoan ateratzeak galera suposatzen du. Aurreko diskoa (Biderbost, 2024) atera genuen CDan, Durangoko Azokako Musika Zuzenean standean jartzeko. Kopia gutxi batzuk atera genituen geure burua behartuta, kakotx artean. Gaur egun nahikoa da Bandcampen edo Spotifyen izatea. Bandcampek duen abantaila bat da era digitalean ere saldu daitekeela. Horrela, behintzat, zerbait jasotzen duzu. Guk musika ematen dugu, baina bueltan zerbait jasotzen dugu... Azkenean, grabatze prozesuak koste bat suposatzen du, kopiak aterako bagenitu ere bai. Horri buelta emateko aukera bakarra kontzertuek ematen dute. Ez dago besterik. CDak saltzetik ez duzu askorik ateratzen.
Gainontzeko abestiak desberdinak dira.
Indartsuagoak dira. Ahotsa popetik hurbil dago, Zer? punkiagoa da eta Haizearen menpe, Maialen Velarderen hitzak dituena, izango da astunena, nolabait esatearren. Baina ez distortsio gehiago erabili dugulako. Nik uste disko hau garbiagoa dela aurrekoa baino. Baina hala atera dira, ez gara joan zerbaiten bila.
Bilbon bizi zara eta beste taldekideak Zumaian. Distantzia horrekin, handia ez bada ere, entseatzea, konposatzea, erraza egiten al zaizue?
Beste talde batzuk ez bezala, ez gaude astero elkartzera behartuta. Bizpahiru astean behin biltzen gara, normalean ni Zumaiara etortzen naizenean. Familiarekin edota kuadrillarekin egoteko, entseatzeko, denerako aprobetxatzen dut. Kontzertuak gustura ematen ditugu, baina ez dugu beharrik horretarako. Kontzertu bat edo beste ateratzen zaigula? Bada, entseatzen dugu. Atzo [ekainaren 13agatik] elkartu ginen abesti berriak sortzeko. Ideiak badaude eta haiek aurrera nola eraman lantzen egon ginen.
Beraz, ari zarete abesti berriak sortzeko lanetan.
Bai, bai. Esango nuke grabatuta ditugun abestiak ez ditugula jo entsegutan. Ideia berriak sortzen dira, eta asmoa bada horiek lantzea. Gainera, zuzenekorako errepertorioa ere aldatu nahiko genuke.
Orain arte bi EP atera dituzue. Egunen batean disko luzerik ateratzeko asmorik ba al duzue?
Hori lehen aipatzen genuen formatu fisikoarekin lotuta doa. Badirudi behartuta zaudela zortzi edo hamar abesti ateratzera. Digitalaren abantaila hori da: estudioa asteburu baterako erreserbatzen duzu, hiruzpalau abesti grabatu, edo bakarra, eta publikatu egiten duzu.