Uzta oparia lortu du Imanol Lopez puntista zumaiarrak Bidasoa ibaiaz bestalde. Lopezek ez zuen amestutako hasiera izan Ipar Euskal Herriko zesta punta denboraldian, baina urtaroak aurrera egin ahala etorri dira garaipenak. Azkena, bart erdietsi zuen, oraingoan Johanekin bikotea osatuta.
Donibane Lohizuneko Campos Berri frontoiak hartu zuen atzo Lapurdiko herrian jokatzen duten Internationaux txapelketa ospetsuko finala. Zaletuek ondo erantzun zuten, eta pilotalekuko harmailak bete zituzten. Olharan-Gorka eta Johan-Lopez bikoteak neurtu ziren. Finala bi jokotan erabaki zen, ondo borrokatutako bi joko. Lehena 15 eta 14 emaitzarekin irabazi zuten Johanek eta Lopezek; bigarrena, aldiz, 15 eta 11 emaitzarekin bukatu zen, Johani eta Lopezi finaleko garaipena emanaz.
Paueko Kopako finala jokatzeko faltan, Imanol Lopez Jai Alai Ligako sailkapenean laugarren da, eta horrek eskubidea emango dio irailaren 15etik aurrera Donostiako Balda frontoian jokatuko duten azken laukoa jokatzeko. Bearnoko hiriburuan jokatuko duten finalak emango dituen emaitzen zain daude Donostiako txapelketan zer bikote arituko diren erabakitzeko.