Urriaren 5ean, igandea, korrituko dute aurtengo Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa, bi distantziatan: 14 kilometroko lasterketa laburra, eta 24 kilometroko saio luzea. Pasa den maiatzean zabaldu zuten lasterketan parte hartzeko izen ematea, eta lekuak minutu gutxiren epean agortu ziren.
Emakumeen parte hartzea sustatzeko asmoarekin, aurreko urteetan egin bezala, emakumeei zuzendutako entrenamendu saioak prestatu ditu Indamendiko korrika taldeak aurten ere. Ekainean eta uztailean bina saio egin zituzten, eta irailean egingo dituzte azken biak, irailaren 7an eta 20an, hain zuzen.
Irailaren 7an, igandea, distantzia laburrean, Elorriaga-Trebola saioa egingo dute. 12 kilometroko saioa, 350 metroko desnibel positiboa du. Lasterketa luzeko parte-hartzaileak, bere aldetik, Sakonetara joango dira, Errotaberritik buelta emanda. 21 kilometroko saioa izango da, 700 metroko desnibel positiboarekin.
Irailaren 20an, berriz, Elorriaga-Trebola-Talaimendi saioa egingo dute lasterketa laburreko korrikalariek. 14 kilometroko luzera izango du, 400 metroko desnibel positiboarekin. Proba luzekoak, bere aldetik, Mendatara joango dira, 23 kilometroko saioa egitera. Azken korrika saio horrek 1.000 metroko desnibel positiboa izango du.
Emakumeei zuzendutako saioak izanda ere, gizonek ere parte hartu ahal izango dute. Denek ere aurrez izena eman beharko dute, hemen.