Erik-Uranga, Murua-Etxeberria eta Amiano-Landa izan dira txapeldun Dinastia Etxaben

Maria Maya Manterola 2025eko abuztuaren 29a

Argazkia: Kirolzale.eus

Zesta puntako, eskuz jubeniletako eta 23 urtez azpikoen finalak jokatu ziren atzo Aitzurin. Cosme Agirre eta Unai Uranga parez pare neurtu ziren zesta puntan; Uranga nagusitu zen Erikekin bikoa osatuta.

Dinastia Etxabe txapelketaren 53. edizioak baditu dagoeneko txapeldunak. Atzo jokatu ziren finalak, eta Zumaiako torneoan garaipena eskuratu dute Erik-Uranga bikoteak zesta puntan, Murua eta Etxeberriak eskuz jubeniletan eta Amiano eta Landak eskuz 23 urtez azpikoetan.

Aitzuri pilotalekuan giro apartarekin jokatu ziren partidak, eta harmailak ia bete egin ziren zalez. Erik-Uranga bikoteak bigarren txapela lortu du atzokoarekin, eta Murua eta Etxeberriak euren joko eraginkorra erakutsi dute finaletan garaipena eskuratuz. Amiano eta Landa berriz, beren kategorian nagusi izan dira. Unai Amianok bere afizionatuetako ibilbidea amaitu du Zumaiako garaipen handi baten ostean, bi aste barru Baikorekin profesionaletan debuta egingo baitu, eta hori aro bat ixteko modurik onena izan da.

Zestako finalak ikusmin handia sortu zuen, eta lau pilotariak oso maila ona eman zuten partidan: azkenean mutrikuarrak eta atzelari zumaiarrak hobeto kudeatu zituzten tanto garrantzitsuak, eta hala eskuratu zuten garaipena.

Eskuz jubeniletako finalean Murua eta Etxeberriak garaipena lortu zuten beren joko eraginkorrari esker eta huts gutxiago egin zutelako, aurkariak pilota gehiago galdu baitzituen. Partidaren hasieran zailtasunak izan bazituzten ere, aurkariak mendean hartzea lortu zuten.

Eskuz 23 urtez azpikoen finalean Amiano eta Landa argi nagusitu ziren beren aurkarien aurrean, eta aurretik jarri ziren norgehiagokaren hasieratik. Beren joko indartsuari esker aldea handitu zuten, eta erraz irabazi zuten. Apezetxea eta Santesteban saiatu ziren jokoan nahasketak sortzen, baina ez zuten nahikoa egin profesional mailako bi pilotarien aurrean. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide