Olagarro Eguna 2025

Gaur zabalduko dute Olagarro Eguneko batel estropadetarako izen ematea

Juan Luis Romatet 2025eko irailaren 1a

Olagarro Eguneko batel estropada, 2023an. (Imanol Manterola)

Irailaren 20an egingo dute aurten Olagarro Eguna, eta ohi bezala batel estropadak egingo dituzte itsasadarrean. Izen ematea irailaren 17ra arte egongo da zabalik. 

Gaur zabaldu dute izen ematea irailaren 20an egingo duten Olagarro Eguneko batel estropadetarako. Ohi bezala, Urolaren itsasadarrean jokatuko dituzte aipatu estropadak, eta bertan parte hartu nahiko duten kuadrilla edo lagun taldeek irailaren 17ra arte izango dute izena emateko epea, Lubaki kiroldegian. 

Taldeak lau lagunez osatuko dira, eta horietatik gutxienez bi zumaiarrak izango dira. Estropadan aritzeko partaideen gutxieneko adina 13 urtekoa izango da. Arduradun bat ere izendatu beharko du talde bakoitzak. 

Irabazleek bandera eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak eskainitako bisita gidatua jasoko dituzte; emakumeen partaidetza saritzeko aurten ere bandera berezia banatuko dute, eta parte-hartzaile guztien artean bisita gidatu baten zozketa ere egingo dute. 

Izen ematea zabaltzearekin batera, entrenamenduetarako Lasuna batela erabiltzeko aukera ere irekiko dute. Hilaren 19ra arte erabili ahal izango dute txalupa hori. Horretarako, Turismo Bulegora bertaratu edo 943-14 33 96 telefono zenbakira deitu daiteke. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide