Ikastetxeen ikasturte berriarekin batera, egunotan jarriko dira martxan Gaztegunea eta Ludoteka. Heziketa eta aisialdia uztartzen dituzten bi zerbitzuetako langileak ari dira kurtso berria prestatzen. Hala, Gazteguneak irailaren 12an, ostiralean, zabalduko ditu ikasturte berrirako ateak; Ludotekako erabiltzaileek, aldiz, urriaren hasierara arte itxaron beharko dute Itsas kiroldegiko zerbitzura bertaratu ahal izateko.
Nerabeei zuzendutako zerbitzua da Gaztegunea, eta bertan eskaintzen dituzten programen berri eskaintzeko ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte. Irailaren 9an, 10ean eta 11n, DBH 1ko ikasleei zabalduko dizkiete ateak, hezitzaileak zein espazioa ezagutu ditzaten. Irailaren 23an, berriz, tutore zein gurasoekin bilerak egingo dituzte, 17:00etatik 20:00etara bitartean.
Gernika parkean kokatzen den zerbitzu horretan parte hartu ahal izateko, izen emate orria bete beharko dute nerabeek. Horretarako bi aukera dituzte: irailaren hasietan gutun bat jasoko dute, eta han agertuko den QR kodea eskaneatuta, izen emate orria agertuko zaie; Gaztegunean bertan ere eskuratu ahal izango dute izen emate orria.
Ludoteka, urrian
Urriaren 1ean hasiko da martxan Ludoteka. Aurretik, irailaren amaieran, guraso eta tutoreekin bilduko dira haren funtzionamenduaren berri emateko, edota izen emate prozesua nondik norakoak azaltzeko. Ludoteka 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta astelehenetik ostiralera egoten da martxan, egunero 17:00etatik 19:30era bitartean.