Datorren larunbatean, hilaren 6an, jokatuko dute Zumaiako Triatloia. Ohikoa den bezala, esprint modalitatean jokatuko dute kirol jarduera, eta proba nagusiarekin batera kadete mailako proba ere izango da jokoan, supersprint modalitatean.
Arratsaldez jokatuko dute Zumaiako Triatloi Taldeak antolatutako proba. 16:00etan gizonezkoak aterako dira, 16:08an emakumezkoak eta 16:15ean kadeteak. Proba nagusian, 750 metro egingo dituzte igerian, 20 kilometro bizikletan eta azken 5 kilometroak korrika. Kadeteen kasuan, distantzia erdia egingo dute.
Proba herrikoirik egongo ez denez, federatuak eta federatu gabekoak arituko dira batera. Izen emateko orduan jarritako 350 lekuak ahituta, itxaron zerrendan zeudenak ere onartzea erabaki dute antolatzaileek. Horiei kadete kategoriakoak gehituta, guztira 400 bat lagun arituko dira Zumaiako Triatloian parte hartzen.