Aldi baterako arkitekto teknikoa kontratatuko du udalak, Lanbideren bidez

Juan Luis Romatet 2025eko irailaren 4a

Arkitektoaren mahaia.

Zumaiako Udalak abiatutako lan kontratazio horretan parte hartu nahiko duten lagunek irailaren 12a izango dute eskakizunak aurkezteko azken eguna. Prozesua Lanbideren bidez egingo badute ere, merezimenduak udaletxeko erregistroan aurkeztu beharko dituzte. 

Aldibaterako arkitekto tekniko bat kontratatzeko prozesua abiatu du Zumaiako Udalak. Prozesua Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez egingo dela iragarri du udalak. Prozesuan parte hartu nahiko duten lagunek irailaren 12a baino lehen (data hori barne) eman beharko dute izena. Prozesua Lanbideren bidez egingo bada ere, merezimenduak udaletxeko erregistroan egin beharko dutela ere iragarri du udalak.

Kontratatuko duten pertsonak, lehenbizi, baja egoeran dagoen arkitektoaren lekua bete beharko du. Bajaren amaieran, beste sei hilabetez egongo da udalean lanean, errefortzu gisa. Zumaiako Udalak iragarri duenez, prozesuan parte hartuko duten lagunekin lan poltsa osagarri bat sortuko du, "udal zerbitzuetan oporrak edo bestelako beharrak estaltzeko".

Hemen aurki daiteke prozesuaren inguruko informazioa. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide