Olagarro Eguna 2025

Olagarro Eguneko herri bazkarirako txartelak, salgai

Maria Maya Manterola 2025eko irailaren 5a

Olagarro egunerako prestatze lanetan. (Intza Trula)

Dagoeneko iragarri dute egitaraua. Gastronomiaren eta kulturaren bueltan, ekitaldi ugari izango dira, tartean, batel estropada eta herri bazkaria.

Zalantzaren bat edo beste piztu da herritarren artean, olagarro eskasia tarteko. Baina bueltan da: irailaren 20an ospatuko da aurten Zumaian jaki preziatuaren bueltako festa erraldoia; Olagarro Eguna. Udalak jada iragarri du egitaraua, eta jakinarazi du herri bazkarirako txartelak, zapiak nahiz kamisetak salgai direla, Turismo Bulegoan. 

Aurreko edizioetan bezala, aurtengoan ere hamaika jarduera izango da Zumaian gastronomia eta kultura ardatz. Kuadrillen arteko batel estropada izango da goizeko ekitaldi nagusia: aurten ere dozenaka talde aterako dira erriora, festa giroan arraunean aritzera. Hilaren 17ra artean eman daiteke izena Olagarro Eguneko XVII. Banderaren lehian parte hartzeko, Lubaki kiroldegian. 

Distiraren eskutik, argazki rallya ere izango da beste urte batez Olagarro Egunean. Goizez arituko dira herrian zehar aurkitutako irudiak harrapatzen, eta 14:00ak baino lehen deskargatu beharko dute txartela Oxford aretoan. Izena emateko, 09:00etatik 10:00etara artean Oxford aretora jo beharko dute argazkizaleek. 

Olagarro brotxetak nahiz olagarroa patatekin salduko dituzten txosnak herriko zer gunetan izango diren ere argitu du udalak. Postu bana izango dira Amaia plazan eta Eusebio Gurrutxaga plazan, eta hiru Erribera kalean zehar barreiatuta. Gernika parkean beste txosna bat ere jarriko dute; goizez bakarrik azken hori, brotxetekin. 

Eguerdian, berriz, herri bazkarian elkartuko dira ehunka zumaiar –laurehun lagun espero dituzte–, Beheko Plazan. Olagarro paella dastatzeko aukera izango da bertan. Bazkaria zerbitzatzeko nahiz txosnetan lanean aritzeko herriko taldeen laguntza izango du beste urte batez udalak. 

Egitaraua

  • Goiz partean, XIX. Argazki Rallya. Izen ematea 09:00etatik 10:00etara, Alondegiko Oxford aretoan.
  • 10:30-14:30. Elikagaien azoka, Eusebio Gurrutxaga plazan.
  • 11:00. Haur eta gaztetxoentzat jolasak, Gernika parkean.
  • 11:00-13:00. Algorri Interpretazio Zentroaren eskutik, olagarro panpin tailerrak, Gernika parkean, 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzat.
  • 11:00. Kuadrillen arteko batel estropada: Olagarro Eguneko XVII. Bandera, Telmo Deun elkarteak antolatuta.
  • 11:00. Flyscheko olagarroa bisita gidatua. Erreserbak: geoparkea.eus.
  • 11:00-14:00. Kofradiako atea zabalik, arrainen salmenta aretoa ikusteko.
  • 11:15. Olagarro harrapatzaile izandakoentzat hamaiketakoa.
  • 11:30. Herriko txistulariekin eta Astindurekin kalejira.
  • 12:30. Kalejira Zutrik taldearekin.
  • Goizean zehar, olagarroa patatekin eta olagarro brotxetak, txosnetan.
  • 14:30. Herri bazkaria, Sagarbideko aterpean.
  • 17:00-19:00. Kofradiako atea zabalik, arrainen salmenta aretoa ikusteko.
  • Arratsaldean zehar, olagarro brotxetak, txosnetan.
  • 18:30. Gautxori txaranga, herriko kaleetan.
  • 19:30. Batel estropadaren sari banaketa, Kofradian.
  • 22:30. Erromeria Imuntzo eta Beloki trikitilariekin, Kofradian.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide