Trapu Zaharraren agurreko ikuskizuna, bihar Odietan

Juan Luis Romatet 2025eko irailaren 5a

Trapu Zaharrako kideak, 'Azkena eta bagoaz' antzezlanean. (Trapu Zaharra)

Azkena eta bagoaz izeneko kale antzezlanarekin emango dio amaiera bere ibilbideari antzerki talde beteranoak. 19:30etik aurrera ikusi ahal izango da bihar Odieta pilotalekuan. 

Trapu Zaharra antzerki konpainia sarritan izan da Zumaian bere kale ikuskizunekin. Aurtengoa, baina, berezia izango da, azkena izango delako. Izan ere, 40 urtetik gorako ibilbideari amaiera ematea erabaki dute konpainiako kideek. Horregatik jarri diote azken antzezlanari Azkena eta bagoaz izena. 

Antzezlana Zumaian ikusi ahal izango da bihar arratsaldez, 19:30ean hasita, Odieta pilotalekuan. Agurrekoa izanda ere, umorez betetakoa izango da, eta ikuslea ziur irribarre batekin aterako dela. 

Sinopsia

Onenean ez dagoen kale-antzerkiko aktore batek aretoko antzerkiarekin probatzea erabaki du. Bere helburua lortzeko, antzerki klasikoko aktore batekin elkartuko da, eta obra berri bat muntatuko du: Bost ordu Mariorik gabe. Dirua biltzeko, berriro zapalduko ditu aurreko konpainiarekin jorratutako plazak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide