Astelehenean zabalduko dute Musika eta Dantza Eskolako ikasturte berrirako matrikulazioa

Juan Luis Romatet 2025eko irailaren 6a

Komentua, ilunabarrean. (Miriam Romatet)

Astelehen, astearte eta asteazkenean izango da kurtso berrirako izen ematea zabalik. Matrikulazio inprimakia posta elektroniko bidez bidali beharko dute interesdunek. 

Mudantza prozesuan da Zumaiako Musika eta Dantza Eskola. Urte askotan egoitza izan duen Ubillos jauregia utzi, eta ikasturte berria Komentuan hasiko du. 

Justu kurtso berrirako matrikulazioa zabalduko du Musika eta Dantza Eskolak datorren astelehenean, hilaren 8an. Hiru egunez eman ahal izango dira izenak, astelehenean, asteartean eta asteazkenean, hain zuzen. Interesdunek eskolaren webgunean lortu ahal izango dute matrikulaziorako inprimakia. Behin beteta, musikaeskola@zumaia.eus posta elektronikoko helbidera bidali beharko dute.

Aipatu webgunean eskuratu ahal izango dute kurtsoen inguruko informazioa. Gaineratu dutenez, kurtso berrian 12 eta 17 urte arteko gaztetxoei zuzendutako dantza garaikideko taldea sortzeko aukera izango da, baita henduentzako solfeokoa ere. 

Edozein zalantza argitzeko,  943-86 11 83 dei egin dezakete, astelehenean 11:00etatik 13:00etara, edo astearte eta asteazkenean 15:30etik 17:30era.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide