Hamabi jabetze eskola eta zortzi elkargune eskainiko ditu Emakumeon Etxeak udazkenean

Maria Maya Manterola 2025eko irailaren 9a

Argazkia: Emakumeon Etxea.

Irailaren 17a baino lehen eman beharko da izena jabetze eskoletan. Irailaren 26an ospatuko dute Emakumeon Etxearen laugarren urteurrena, eta ordutik aurrera, hitzaldiak, liburu aurkezpenak, solasaldiak nahiz bakarrizketak ere izango dira.

Dagoeneko zumaiarrek jaso dute etxeetan irailetik abendura bitartean Emakumeon Etxean izango diren jarduerak biltzen dituen liburuxka. Udazkenean hamabi jabetze eskola, zortzi elkargune, agenda zabala eta zenbait zerbitzu izango dira, eta Emakumeon Etxearen beraren urteurren festa ere bai. Izan ere, hil honetan lau urte beteko dira ateak ireki zituenetik. 

Jabetze eskoletan parte hartzeko izena eman behar da aurrez, irailaren 17a baino lehen –Emakumeon Etxean bertan edo zumaiakoemakumeonetxea.eus webgunean inskribatu daiteke–. Eskaintza askotarikoa da: ikastaro luzeak, laburrak, iraunkorrak eta berriak izango dira, eta dinamizatzaileen hitzetan, adineko emakumeentzako eskaintzak izango du aurtengoan protagonismo berezia.

Aurreko ikasturteetako zazpi elkargune egonkortu dira, bestalde: xakea, korrika, pala, futbola, eskubaloia eta mendi irteerak, hain zuzen. Eta berri bat ere sortu da: xaboi komunitarioa, taldean xaboi ekologikoak modu onean egiteko espazioa. Gainerakoetan ez, baina azken horretan parte hartzeko izena eman behar dela jakinarazi dute. 

Agenda bete-betea

Irailaren 26an ospatuko da Emakumeon Etxearen laugarren urteurren festa, eta ordutik aurrera, ia astero izango da ekintzaren batean parte hartzeko aukera. Hitzaldiak, liburu aurkezpenak, solasaldiak nahiz bakarrizketak izango dira abendura artean. 

Zenbait zerbitzu eskaintzen ere jarraituko dute: aholkularitza juridikoa eta arreta psikologikoa, besteak beste. Azaldu dute zerbitzu horiek lagungarriak izan daitezkeela emakume askorentzat. Eusko Jaurlaritzaren Berdindu zerbitzua jasotzeko aukera ere izango da, bestalde: LGTBI+ kolektiboari arreta emateko zerbitzua, hain justu ere.

Ikusi programazioa osorik, hemen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide