Arritxu Iribar Egaña, ongi etorri TTAPera!
Eskerrik asko.
Nolakoa zinen txikitan?
Txintxoa eta esanekoa. Zumaian garai hartan ikastolako atsedenaldietan futbolean, eskubaloian eta korrika ibiltzen ginen, baina kirola kirol bezala praktikatu ez dut inoiz egin. Kirola jarraitu, berriz, beti. Txirrindularitza, pilota eta, zumaiarra izanda, arrauna, noski. Gure etxean kirol horiek beste kirol guztien gainetik zerbait desberdina izan dute.
Miresten zenuen kirolaririk orduan?
Ez dakit. Baina gerora konturatu naiz punta-puntan dabilena baino gehiago lan asko egiten zuenak, galtzaileak edo asko kostata helburuetara heltzen zenak engantxatzen ninduela. Irabazlea baino gehiago, irabazten zuen horri laguntzen ziotenak, alegia. Beren lana eta irabaziak sakrifikatzen dituztenak; haiek eman didate beti arreta. Berezko handia izan eta dena lortu izan dutenak, haiek ez. Eta dena irabazten zutenak; haiek ere ez.
Eta gaur egun?
Denoi bezala, izen handiek erakartzen gaituzte, eta haiek ere nire miresmen osoa dute. Baina ze gutxi baloratzen den, adibidez, gaur egun Pogacarrentzat lan egiten dutenak, dena emateko prest daudenak, urte guztia sakrifikatuko dutenak Pogacarrek irabaz dezan. Adibidez, UAE Team Emirates XRG taldean denak dira oso onak, baina itzalean gelditzen dira, eta, beraien lanari esker, liderrak garaipena lortu eta loria hark eramaten du.
Telebistatik edo irratitik norbait miretsi izan duzu?
Txikitan ez, baina betidanik gustatu izan zait mundu hori. Umetan euskarazko komunikabideak oso urriak ziren, eta zeuden zeuden moduan. Gero etorri ziren Euskal Telebista, Euskadi Irratia, gerora Egunkaria… 13-14 urterekin txirrindularien fitxak egiten nituen. Txirrindulari bat hartu eta koadernoan idazten nuen noiz jaio zen, denboraldia non hasi zuen, lasterketa bakoitzean zer egiten zuen… Sena banuela dirudi! Gaur egun, norbaiten ibilbidea jarraitzea askoz ere errazagoa da, baina garai hartan Miroir du cyclisme urtekaria eta horrelako guztiak erosten nituen eta nire sos guztiak hala joaten ziren. Garai hartan, Coca Colak idazteko lehiaketa bat antolatzen zuen, eta eskolatik idazlan bat aurkeztu genuen batzuek. 14 urte izango nituen. Roberto Lopez Ufarteren gol bati buruzko kronika idatzi, eta irabazi egin nuen. Atotxara deitu ninduten eta saria Gazteluk eman zidan.
Kazetari sena bazenuen, baina Euskal Filologia ikasi zenuen, azkenean.
Kazetaritza edo Euskal Filologia, bat edo beste, berdin zitzaidan, baina, azkenean, Euskal Filologia hautatu nuen. Zergatik? Euskarak beti kezkatu izan nau: nondik datorren, euskal hitzen jatorria zein den, zein garapen izan duten… eta horrela egin nituen ikasketa haiek, Donostiako EUTGn.
Eta ikasketak baliagarriak izan zaizkizu?
Dudarik gabe. Nire ibilbidearen oinarria euskara izan da. Lagungarria izan da hizkuntza zaintzeko eta aberasteko. Eta garai hartatik zerekin geratuko nintzatekeen? Zalantzarik gabe, bertan egindako lagunekin. Karrerako hirugarren ikasturteko Ostegun Gizenean Tolosan afaria egiten hasi ginen, eta, 40 urte baino gehiago pasa dira, eta oraindik ere bederatzi lagun elkartzen gara urtero.
“Gaur egungo kazetaritzan arinkerian sartuta gaude”
Nola hasi zinen Euskadi Irratian lanean?
Euskal Irrati Telebista orduantxe hasten ari zen, eta hasierako urte haietan beste medioetatik edo euskararen inguruan zebilen jendearekin hornitu ziren. Handik aurrera, deialdiak egiten hasi ziren, eta gu karrerako azken urtea egiten ari ginenean unibertsitatera etorri ziren, bertan lan egiteko proposamenarekin. Irratian eta telebistan euskara aldetik bazuten kezka, eta alde horretatik norbait interesatuta bazegoen probatxo bat egingo zutela eta bide hori irekitzeko aukera zegoela esan ziguten. Niri zoragarria iruditu zitzaidan, nire bi munduak batzen baitziren. Idatzizko proba bat eta ahozko bat egin zizkiguten, eta ikaskideetatik hiru hasi ginen irratian. Eta gaur arte!
Magazinetan hasi zinen, esatari.
Goizeko magazinean hasi nintzen lanean, Joxerra Gartzia zuzendari zela. Pentsa ze zortea, ze loteria tokatu zitzaidan: Joxerraren anparuan lan egitea. Pila bat ikasi nuen, oso ondo pasa nuen, eta ikusi nuen nire mundua hura izan zitekeela. Aurretik herrian speaker-lanak eginak nituen, eta mikrofonoak ez zidan halako beldurrik ematen. Bai, ordea, teknikak, eta ikasi egin behar izan nituen gauza haiek. Baina Joxerra alboan izanda, gozada hutsa izan zen; beti laguntzeko eta erakusteko prest zegoen. Hasieran, hiriburuetako gauak eman zuenaren berri ematen nuen, udaltzainekin hitz eginda. Gero, nekazaritza eta arrantzako gaiak ere sartzen genituen: Ordiziako merkatua, Pasaiako benta… Han egin nituen nik Kazetaritzako ikasketak.
Irratian egin duzu ibilbide osoa.
38. urtea betetzera noa, pentsa! Joxerra Gartziarekin hasi eta handik urte batera, nik bakarrik ordubeteko saio baten ardura nuen, goizetan. Pello Zabalarekin eguraldia lantzen, besteak beste. Lana zen, baina oso ongi pasatzen nuen, eta hori ez da diruarekin ordaintzen. Asteburuetan txirrindularitza-lasterketak jarraitzen nituen nire kabuz, eta haietaz hitz egiten nuen lankideekin. Eta behin asteburuan lasterketara joango nintzela aprobetxatuz, galdetu zidaten ea prest egongo nintzatekeen kolaborazio bat egiteko. Horrela hasi nintzen txirrindularitzako gaiak lantzen, eta jarraian proposatu zidaten kiroletako taldera pasatzea.
Emakume bakarra zinen kiroletako taldean?
Bai. Kirol-kazetaritzan emakume gutxi geunden. SER irratiko Miren Gaska, eta telebistan Elena Azpeitia, nirekin batera ikasitakoa. Espainiako Estatuan Olga Viza eta Mari Carmen Izquierdo. Baina oso gutxi ginen.
Eta sumatu zenuen gizonen mundua zela?
Bai, baina horrek ez dit inoiz eragozpenik sortu, eta ez naiz gutxietsia sentitu. Ez dut horretan pentsatu ere. Lana ongi egiten badu, berdin dit gizona edo emakumea izan. Askotan galdetu izan didate: “Kirol-kazetaria eta emakumea?”. Eta pentsatu izan dut: “Gizonak gene berezi batekin jaiotzen dira, ala zer?”. Hau da, jaiotzaz badakite kirolaz eta emakumeok ez? Batzuetan elkarrizketatuak esan dit: “Aiba, honetaz zuk badakizu emakumea izanik!”. Baina beti oso ondo hartu izan naute. Lankideen artean zoragarri eta bat gehiago sentitu izan naiz. Txirrindulari asko txikitatik jarraitu izan ditut, haien lasterketak jarraituz, eta harritu egin dira kazetari moduan elkarrizketa egin behar nielako, baina
“Irabazten duenari laguntzen diotenak miresten ditut”
Zer eduki behar du kazetari on batek?
Gustatzen bazaizu, hobeto. Bestetik, saiatu egia kontatzen eta ez gauzak asmatzen edo zure interpretazioak egiten. Ikusten ari zarena kontatu. Eta ezinbestekoa da albistea kontrastatzea. Horretaz gain, elkarrizketetan zu ez zara protagonista, elkarrizketatua da. Ez zaitez zu joan bestearen gainetik jartzera edo ondo geratzera. Mimoz lan egin eta albisteak landu. Askotan pentsatzen dut albisteak oso-oso gainetik ematen ditugula gaur egun, eta arinkerian sartuta gaudela.
Nola aldatu da kazetaritza hasi zinenetik?
Alde batetik, orain aipatu duguna, azkartasuna; bestetik, teknikoki iraultza izan da. Gure garaian, telefono mugikorrik ez zegoen, eta hori izugarrizko aurrerapena izan da. Gogoan dut, adibidez, Lizarrako Sari Nagusira joan eta nire kezka ez zela lasterketa nola zetorren jakitea, baizik eta kabina bat topatzea konexioa egin ahal izateko. Gaur egun, autoan zaude mugikorrarekin eta bertatik deitzen duzu eta egin dezakegu. Eta sare sozialak daude, eta Internet. Pentsa, lehen, Tourreko etapa bat bukatu eta sailkapen osoa hurrengo egunean ematen genuen. Egunean bertan, asko jota, teletipoz jasotako 5-10 lehenengoen berri izaten genuen; gaur egun, berriz, etapa bukatu eta 176 txirrindularien zerrenda eman dezakegu. Garai batean, Everesten gailurra egin eta ia hamabost egunera jakiten genuen; gaur egun, konexioa egiten dugu gailurretik. Pentsa ze mundu bizi izan genuen eta gaur egungoa nolakoa den.
Kazetariaren ofizioa aldatu egin da.
Sasi-kazetari pila bat dago gaur egun, sare sozialek kalte handia egin dutelako. Gaur, oso ondo begiratu behar duzu egia den edo ez. Horrekin izugarrizko kontua izan behar dugu. Albiste guztien bonbardaketa dago, baina nork nola eta zein helbururekin kontatuta dagoen jakin behar da. Kontu handia izan behar duzu. Edonork edozer idatzi dezake. Lehen, agian, kontu handiagoa izaten zen. Gaur egun fez; berdin zaigu. Gainera, sarean anonimatuak bidea ematen dizu edozer astakeria idazteko, eta hori hor geratzen da.
Euskara zuzena erabiltzeak ere badu garrantzia.
Nire egunerokoan eta irratiaren egunerokoan, guztia. Guk euskara hutsean lan egiten dugu, baina duela 38 urte euskal hiztunak topatzea ez zen hain erraza. Realera jotzen genuen eta bizpahiru jokalari zeuden euskaraz hitz egiten zutenak. Gaur egun, zorionez, edozein gaztek –Euskal Herrian ikasi badu, behintzat– badu euskara maila bat, eta ikaragarri irabazi dugu alde horretatik. Baina, era berean, euskara jasoan, ondo landuan, hor hankamotz gaude. Azkenaldian bizi dugun oldarraldian eta erabilera jaisten ari den honetan, erdarakada eta frantseskada asko sartu eta normaltzat hartu ditugu. Lazkao Txikik zioen bezala: “Egunen baten erdaraz arituko zarete pentsatuz euskaraz ari zaretela”. Lehen, militanteagoak ginen, alde horretatik, eta, beharbada, gaur egun lasaitu egin gara. Eta lasaitasun horretan albo-ondorio larri batzuk bizi ditugu.
Zein amets geratzen zaizu betetzeko?
Euskal selekzio ofizial baten berri ematea. Adibidez, futbolean euskal selekzioaren partida bat egingo dela esan nahi nuke. Eta gero, beste bat, pertsonala: iloba txirrindulari profesionala dut, eta haren garaipen bat kontatzea gustatuko litzaidake.