UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak klima aldaketak eskualdeko ekonomia sektorean duen eragina aztertu du Isladak ahokularitza zerbitzuaren laguntzarekin. Lau aurkezpen saio antolatu dituzte ondorioak gizarteratu eta eragileen ekarpenak jasotzeko, lehena, Zumaian. Atzo bildu ziren, asteazkena, Alondegiko Moila gelan, eta bertan izan ziren herriko merkatarien ordezkariak nahiz zenbait enpresatako kideak.
Azterketan baieztatu ahal izan dutenaren arabera, ibai eta euri uholdeek nahiz itsas mailaren igoerak arazoak ekarri ditzakete herriko industriaguneetako hainbat puntutan eta herriko beste hainbat lekutan. Denboraren poderioz, gainera, bilakaera negatiboa izan dezakeela ere gaineratu du Udal Elkarteak.
Urrutiko erosketak eragiten duen kutsadura aipatu dute, batetik, saioan parte hartu duten merkatariek. Izan ere, beren ustez, bertako komertzioetan egin daitezkeen erosketak Internet bidez egiteak ekartzen duen kutsadura kontutan hartzekoa da, eta baita kontsumo ohitura horien eraginaren berri ematea ere. Beraz, kontsumo ohituraren aldaketa ezinbestekoa da, beren hitzetan, klima aldaketari aurre egiteko.
Lehen sektorea ere izan zuten hizketagai atzoko bileran. Aldaketari aurrea hartzeaz aritu ziren, hain justu ere: "Basoak zaindu eta txukundu behar dira suteei aurre egiteko, eta zuhaiztietako ur-bideak mantendu, uholdeak ekiditeko".
Aia eta Orioko aurkezpena gaur izango da, osteguna; Orioko Arraunetxean bilduko dira, 17:30ean. Irailaren 22an aurkeztuko dituzte ondorioak Zarautzen, 9:30ean Udal Elkartearen egoitzan, eta irailaren 23an Getarian, 17:30ean Zarautz jauregian.