Olagarro Eguna 2025

Asteazkenera arte eman daiteke izena Olagarro Eguneko batel estropadan

Maria Maya Manterola 2025eko irailaren 13a

Kuadrilla bat, 'Lasuna' batelarekin entrenatzen, aste honetan. (Juan Luis Romatet)

Gaur zortzi ospatuko da Zumaian Olagarro Eguna, eta urtero bezala, goiz partean kuadrillen arteko batel estropada jokatuko da Urolaren itsasadarrean. Asteazkenera arte eman daiteke izena. 

Ohi bezala, Olagarro Eguneko batel estropada izango da datorren larunbatean, gaur zortzi. Urolaren itsasadarrean jokatuko dira, eta bertan parte hartu nahiko duten kuadrilla edo lagun taldeek asteazkenera arte izango dute izena emateko epea, Lubaki kiroldegian. 

Taldeak lau lagunez osatuko dira, eta horietatik gutxienez bi zumaiarrak izango dira. Estropadan aritzeko partaideen gutxieneko adina 13 urtekoa izango da. Arduradun bat ere izendatu beharko du talde bakoitzak. 

Irabazleek bandera eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak eskainitako bisita gidatua jasoko dituzte; emakumeen partaidetza saritzeko aurten ere bandera berezia banatuko dute, eta parte-hartzaile guztien artean bisita gidatu baten zozketa ere egingo dute. 

Entrenamenduetarako Lasuna batela erabiltzeko aukera ere irekiko dute. Olagarro Egunaren bezperara arte erabili ahal izango dute txalupa hori. Horretarako, Turismo Bulegora bertaratu edo 943-14 33 96 telefono zenbakira deitu daiteke. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide