Balenciaga ontziolako lan gatazka

Balenciaga ontziolaren salerosketa ontzat eman du Donostiako Lan Arloko Epaitegiak

Julene Frantzesena 2025eko irailaren 12a

Balenciaga ontziola. (Utzitakoa)

Epaitegi horrek ontzat jo du Abu Dhabi Port Groupek eta Premiere Marinek osatutako Safeen Drydock taldeak Zumaiako ontziola erostea. Langileen ordezkariek "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu dute, ikusteko baitago salerosketa gauzatuko al den, eta gauzatzen bada, noiz izango den. 11,2 milioi eurotan eskuratu nahi du taldeak Balenciaga, eta horrekin bukatuko da 2024tik martxan den hartzekodunen lehiaketa.

Balenciaga ontziolako lan gatazkan argi izpiak agertu dira gaur: Donostiako Lan Arloko Epaitegiak ontzat eman du Arabiar Emirerri Batuetako Abu Dhabi Port Groupek eta Premiere Marinek osatutako Safeen Drydock taldeak Zumaiako ontziola erostea. Ikusteko dago, ordea, salerosketa gauzatuko al den, eta gauzatzen bada, noiz egiten duten.

Ontziola 11,2 milioi eurotan eskuratu nahi du talde horrek, eta ondorioz, horrekin bukatuko da 2024az geroztik Balenciagan martxan zen hartzekodunen lehiaketa, baita langileei aplikatutako Lana Erregulatzeko Txostena (LET) ere. Epailearen autoa da hedabideetara zabaldu dena, eta han irakur daitekeenez, Safeen Drydocken eskaintza da egokiena, hartzekodunen zorra kitatuko duelako, enpresaren jarduerarekin segituko duelako eta 71 lanpostuei eutsiko dielako.

Salerosketaren negoziazioak urtearen hasieratik izan dira martxan, eta gaur egin du hartzekodunen lehiaketaren administratzaileak langileen ordezkariekin batzarra. Han azaldu die zein den egoera, eta beharginek Gukari azaldu diotenez, datorren astean hasiko da talde berria langileekin biltzen eta hitz egiten.

Eusko Jaurlaritzak modu positiboan baloratu du albistea, nahiz eta zuhurtziaz jokatzeko eskatu duen. Mikel Jauregi sailburuak esan du, salmenta gauzatzen bada Euskadirentzat, industriarentzat, ontzigintzaren sektorearentzat, Zumaiarentzat, eta batez ere langileentzat, "albiste oso ona" litzatekeela. Halaber, Jauregik esan du Safeen Drydock taldeak egin duen eskaintza ona dela, lanpostuak mantentzearen, etorkizuneko jardueraren nahiz ekonomiaren ikuspuntutik.

Guka jarri da harremanetan ontziolan ordezkaritza duten sindikatuetako kideekin, baina haiek ere ez dute adierazpenik egin nahi izan oraingoz.

Zuhurtzia eskatu dute

Balenciaga ontziolaren salerosketa aurkerak ilusioa piztu du langileengan, baina zuhurtziaz hartu dute berria. Ontziolan ordezkaritza duten sindikatuetako kideekin hitz egiten saiatu da Guka, eta denek adierazi diote prozesua ez dagoela amaituta eta zuhurtziaz jokatu behar dela.

Izan ere, ikusteko dago salerosketa gauzatuko al den eta noiz gauzatuko den. Hala esan du David Tejera CCOO sindikatuko langileen ordezkariak. "Ez da ezer bukatu; ikuskizun dago salerosketa gauzatuko al den. Ez dakigu nondik eta zergatik atera zen atzo berria, ezer ez dagoelako itxita".

Hark esan duenez, erosle posiblea izatea urrats handia da, baina ibilbidea bukatzea falta da: "Denboran atzera eginda, orain egoera hobean gaudela ematen du. Izan ere, ekainean ontziola ixtea zen mahai gainean zegoen aukera. Orain, gutxienik, erosle posible bat badago". Hala eta guztiz, arduraz jokatu behar dela gogorarazi du, ez baitakite noiz sinatuko duten salerosketa. "Langileok ahalik eta azkarren izan dadin nahi dugu, jarduerari ekiteko eta gure lanpostuetara itzultzeko", gaineratu du. Dena den, ez dutela salmenta ixteko data posiblearen inguruko daturik esan du hark.

Safeen Drydock taldea langileekin elkartzen hasiko dela baieztatu dio Tejerak Gukari, baina esan du "formalismo hutsa" izango dela bide hori. "Langileen egoera ezagutzeko eta langileak nola dauden jakiteko egingo dituzte bilerak. Baina esan dudan bezala, ezer ixten ez den bitartean, dena zintzilik dago".

Azken urratsa emateko zain daudela esan du langileen CCOOko ordezkariak. Dena den, erosketa gauzatzen baldin bada, zer baldintzatan egingo duten aurreratu die ontziolaren hartzekodunen lehiaketaren administratzaileak. Tejerak zehaztu duenez, taldeak lana eta lanpostuak Zumaian mantentzeko konpromisoa duela azaldu die, eta langileekin zorra kitatuko duela ere bai. "Hala esan dute, baina ikusi egin beharko da dena. Ea aurki sinatzen duten eta laster dena eginda dagoela esaten moduan garen".

"Oso positiboa" EAJrentzat

Zumaiako EAJren udal taldeak "oso positibotzat" jo du epaitegiak Balenciaga ontziola erosteko eskaintza ontzat eman izana. Jeltzaleen hitzetan, urrats "oso erabakarria" da, Zumaiako industria jardueraren jarraipena bermatzen eta enpleguari eustea ziurtatzen duelako.

EAJren aburuz, inplikatutako alde guztien arteko lankidetza "zintzoaren eta etengabearen emaitza da: "Bereziki, EAJk gidatutako Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa nabarmendu nahi dugu; izan ere, hasiera-hasieratik lehenetsi du etorkizunerako bokazioa eta langileentzako bermeak izango dituen proiektu industrial sendo bat bilatzea". Udal taldeak esan duenez, industria sarearekiko eta kalitatezko enpleguarekiko konpromisoa dira EAJren lehentasunak.

Salerosketari argi berdea eman izana Zumaiarentzat "albiste bikaina" dela ere esan du EAJk, baina batez ere, hilabeteak "zalantzaz eta kezkaz beteta" igaro dituzten langileentzat eta familientzat. "Hurbiltasun eta itxaropen mezua helarazi nahi diegu, abian jarri den proiektua etorkizunari konfiantzaz begiratzeko aukera berri bat delako", esan du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide