Balenciaga ontziolako lan gatazka

Balenciagako langileen ordezkariek salerosketa sinatu arte "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu dute

Julene Frantzesena 2025eko irailaren 13a

Balenciagako langileak protestan ontziolaren atarian.

Donostiako Lan Arloko epaitegiak Safeen Drydock taldeari Zumaiako ontziola erosteko baimena eman diola eta, argi izpia ikusi dute beharginek. Dena den, salerosketa gauzatu arte ezer ez dela bukatuko esan du David Tejera CCOOko ordezkariak: "Langileok ahalik eta azkarren izan dadin nahi dugu, jarduerari ekiteko eta gure lanpostuetara itzultzeko".

Balenciaga ontziolaren salerosketa aurkerak ilusioa piztu du langileengan, baina zuhurtziaz hartu dute berria. Ontziolan ordezkaritza duten sindikatuetako kideekin hitz egiten saiatu da Guka, eta denek adierazi diote prozesua ez dagoela amaituta eta zuhurtziaz jokatu behar dela.

Donostiako Lan Arloko Epaitegiak ontzat eman du Arabiar Emirerri Batuetako Abu Dhabi Port Groupek eta Premiere Marinek osatutako Safeen Drydock taldeak Zumaiako ontziola erostea. Horixe da oraingoz berria. Ikusteko dago salerosketa gauzatuko al den eta noiz gauzatuko den. Hala esan du David Tejera CCOO sindikatuko langileen ordezkariak. "Ez da ezer bukatu; ikuskizun dago salerosketa gauzatuko al den. Ez dakigu nondik eta zergatik atera zen atzo berria, ezer ez dagoelako itxita".

Hark esan duenez, erosle posiblea izatea urrats handia da, baina ibilbidea bukatzea falta da: "Denboran atzera eginda, orain egoera hobean gaudela ematen du. Izan ere, ekainean ontziola ixtea zen mahai gainean zegoen aukera. Orain, gutxienik, erosle posible bat badago". Hala eta guztiz, arduraz jokatu behar dela gogorarazi du, ez baitakite noiz sinatuko duten salerosketa. "Langileok ahalik eta azkarren izan dadin nahi dugu, jarduerari ekiteko eta gure lanpostuetara itzultzeko", gaineratu du. Dena den, ez dutela salmenta ixteko data posiblearen inguruko daturik esan du hark.

Safeen Drydock taldea langileekin elkartzen hasiko dela baieztatu dio Tejerak Gukari, baina esan du "formalismo hutsa" izango dela bide hori. "Langileen egoera ezagutzeko eta langileak nola dauden jakiteko egingo dituzte bilerak. Baina esan dudan bezala, ezer ixten ez den bitartean, dena zintzilik dago".

Azken urratsa emateko zain daudela esan du langileen CCOOko ordezkariak. Dena den, erosketa gauzatzen baldin bada, zer baldintzatan egingo duten aurreratu die ontziolaren hartzekodunen lehiaketaren administratzaileak. Tejerak zehaztu duenez, taldeak lana eta lanpostuak Zumaian mantentzeko konpromisoa duela azaldu die, eta langileekin zorra kitatuko duela ere bai. "Hala esan dute, baina ikusi egin beharko da dena. Ea aurki sinatzen duten eta laster dena eginda dagoela esaten moduan garen".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide