Zesta puntako Jai Alai Liga azken txanpan sartu da. Gaur eta datozen bi astelehenetan, ligako azken fasea jokatuko dute Donostiako Balda pilotaleku historikoan. Faseko finalerdiak jokatuko dituzte gaur eta datorren astelehenean, hilaren 22an, eta final handia irailaren 29an.
Gaurko jardunaldian kantxaratuko den puntistetako bat Frida Watkins zumaiarra izango da. Ligako sailkapena atzelari onena bezala amaitu du, eta rankingeko aurrelari onenarekin osatuko du bikotea, Ihart Arakistainekin, hain zuzen ere. Sorozabal eta Arai izango dituzte gaurkoan aurkari, finalerako txartelaren bila.
Partida 18:00etan jokatuko dute Baldan, eta astelehena izanda ere, frontoiko harmailetan giro ona izango dela aurreikusi dute antolatzaileek. Ondoren, gizonen finalerdia jokatuko dute Johan-Lekerika eta Urreisti-Basque bikoteek.
Aipatu Imanol Lopez ere fase horretan arituko dela, Barandikarekin bikotea osatuta. Erkiaga eta Gorka izango dituzte aurkari, datorren astelehenean jokatuko duten finalerdian.