Kalera itzuli dira pentsiodunak

Maria Maya Manterola 2025eko irailaren 15a

Argazkia: Juan Luis Romatet.

Udako etenaldiaren ondoren, ikasturteko lehen elkarretaratzea egin dute gaur pentsiodunek. Astelehenero bilduko dira Saregile plazan, eta hil honetarako beste hainbat mobilizazio ere iragarri dituzte.

Etenaldia egin dute udan, baina gaurtik, astelehenero bilduko dira berriz ere pentsiodunak Saregile plazan. Beren eskakizunak entzunarazteko aterako dira kalera astero, izan ere, pentsio txikiak lanbide arteko gutxieneko soldataraino osatzeko herri ekinaldi legegilea atzera bota du Eusko Jaurlaritzak. Erabaki horrekin haserre agertu dira pentsiodunak.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 145.142 lagunek sinatu zuten pentsio txikiei osagarria emateko Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren (EHPM) eskaria. Sinadurak Eusko Legebiltzarrera eraman zituzten maiatzean, eta irailaren 1ean, herri ekinaldi legegilea tramiterako onartzearen kontra azaldu zen Eusko Jaurlaritza. Erabaki hori kritikatu egin dute pentsiodunek eta hil honetarako hainbat mobilizazio iragarri dituzte: astelehenetako herrietako elkarretaratzeez gainera, irailaren 20an manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta irailaren 25ean, Gasteizen manifestazioa egingo dute Eusko Legebiltzarreko saiora.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide