Finaletik kanpo geratu da Frida Watkins

Juan Luis Romatet 2025eko irailaren 16a

Ihart Arakistain eta Frida Watkins, Balda pilotalekuan, finalaren atarikoan. (Eraman)

Atzo arratsaldez jokatu zuten Jai Alai Ligako azken faseko lehen finalerdia, eta hiru jokotan galdu zuten Ihart Arakistainek eta Frida Watkinsek. 

Frida Watkinsek ez du lortu Jai Alai Ligako azken faseko finalera heltzerik. Ihart Arakistainekin osatu du zumaiarrak bikotea azken fasean, eta atzo arratsaldez Donostiako Balda pilotaleku historikoan jokatutako partidan galtzaile suertatu ziren Arai Lejardi eta Oihana Sorozabalen aurka. 

Partida lehiatua izan zen, berdindua, gogorra. 2-2, 3-3, 5-5, 6-6, 7-7, 8-8 eta 9-9 berdinketak izan ziren lehen jokoan, baina amaieran hobeto moldatu ziren atzo zuriz aritu ziren Lejardi eta Sorozabal, jokoa 11-15 emaitzarekin irabaziz. Bigarren jokoa ere bide onetik zeramaten –4-8 ari ziren irabazten–, baina Arakistainek eta Watkinsek ez duten etsi, eta 15-12 emaitzarekin irabazita, berdinketa hausteko joko laburrera joan ziren. Partida osoa bezala, joko laburra ere lehiatua izan zen. Hiruna berdinduta egon eta gero, zuriek lortu zituzten azken bi tantoak, jokoa 3-5 emaitzarekin irabaziz, eta finalerako txartela lortuz. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide