Maite Urteaga: "Laboral-Kutxa Euskadirekin aritzea aurrerapauso handia izan da, baina oinak lurrean ditut"

Juan Luis Romatet 2025eko irailaren 16a

Maite Urteaga Ardecheko Tourrean. (Euskadi Fundazioa)

Laboral Kutxa-Euskadi taldearekin aritu da Maite Urteaga, stagiaire gisa, pasa den astean Frantziako hegoaldean korritutako profesional mailako Ardecheko Tourrean. Itzulia amaitzea lortu du zumaiarrak, 51. postuan. Lasterketa horretan egindako lanarekin eta denboraldian lortutako emaitzekin pozik da zumaiarra.

Laboral Kutxa-Euskadi taldearekin aritu zara Frantzian. Pozik egongo zara, ezta?

Oso pozgarria izan zen niretzako taldea nirekin harremanetan jartzea. Kategoria horretako karrera batzuk eginda nituen Eulen taldearekin, talde profesionalen artean, baina oraingoa beste esperientzia bat izan da. Talde profesional bat ezagutu dut, horko funtzionamendua ikusi dut, eta horiekin batera egin dut lana. Oso albiste pozgarria izan zen jakin nuenean kategoria horretako talde batean aritzeko aukera izango nuela. 

Nola moldatu zara karreran zehar?

Uztailean Portugalgo Itzulian eroriko bat izan nuen eta haren ondorioz lepauztaia hautsi nuen. Ordutik, junior mutilekin egin ditut lasterketa batzuk abuztuan, berriro karrerako martxa hartzeko. Ardechen igarri dudana da profesionalek beste abiadura bat dutela. Portugalen izandako erorikoaren ondorioz beldurra sumatu du, eta hasierako etapa gogor samarra egin zitzaidan, denbora guztian berriro erortzeko beldur hori nuelako. Bestalde, esperientzia bere osotasunean bizi nahi nuen, sei etapak eginez. Lehen etapan gaizki pasa nuen: tropel profesionala zen, eta bakarra nintzen profesionala ez zena. Hasieran kostatu egin zitzaidan tropelean nire lekua aurkitzea, eta hori tropel profesional batean oso garrantzitsua da. Indarrak ahalik eta gehien gorde behar ziren, ahalik eta gehien emateko. Orduan, hasierako etapak gogorrak egin zitzaizkidan, inguruneak ere errespetua jartzen zuelako.

Sei etapako lasterketa izan da.

Bai, eta maldatsua. Bigarren etapa bertan behera utzi zuten. Etapa hartu behar zuen herrira joan ginen, aurkezpena egin genuen, arropaz aldatu eta berotu, eta irteera puntura joan ginenean, hamar minuturen faltan, esan ziguten etapa bertan behera utziko zutela. Hasieratik zalantzak genituen, ostegun horretan Frantzian manifestazioak deituta zeudelako. Hamar minuturen faltan esan ziguten ez zegoela nahikoa poliziarik, hauek manifestaziotarako joan zirelako. Pena etapa hori ez zela korritu, baina orokorrean beste etapa guztiak oso gogorrak izan dira, aldapa asko zeudelako. Hasiera batean niretzako hobea zen, aldapetan ondo moldatzen naizelako; lasterketa lauetan ez naiz hain ondo moldatzen. Hor tropeleko posizioak eta landu behar dira. Aldapan, berriz, bakoitzak bere lana egiten du. Nik gorantz nahiko erritmo ona dut, eta errazagoa egiten zait. Tourra gogorra egin zait, baina aldi berean ondo pasatu dut 

Zein izan da zure lana itzuli horretan?

Laguntzaile lanak egitea. Hasiera batean Ane Santestebanekin gindoazen, eta denek beretzako lana egin genuen. Lehen etapan bertan igarri zuen Santestebanek ez zela guztiz ondo sentitzen. Lehen etapan bertan planteamendua aldatu genuen; beste taldekide bat, Debora Silvestri, oso ondo zebilen, eta karreran bertan erabaki genuen Santestebanekin joan beharrean, Silvestrirekin joango ginela. Nire lana zen harekin egotea eta ahalik eta gehien laguntzea. Zerbait behar zuenean han egon behar nuen laguntzen.

Maite Urteaga (erdian), taldeko bi txirrindularirekin. (Euskadi Fundazioa)

Aldaketa handia suposatu al du karrera profesional batean aritzeak?

Nire kategoriako karrerekin alderatuta igarri dut aldaketa. Beste maila bat da, eta txirrindulariek beraiek beste maila bat dute. Hori asko igartzen da. Baina profesional mailako beste karrera batzuetan lehiatu naiz; Portugalgo Itzulian, adibidez. Han igarri nuen aldaketa, baina ez zitzaidan hain zaila egin. Tropelaren maila ez zitzaidan hain altua iruditu. Ardecheko Tour honetan bai igarri dudala maila handia. Itzuli horretara joan diren txirrindulariak maila oso handikoak izan dira. Aurretik bagenekien eskalatzaileentzako itzulia zela, eta eskalatzaile denak hara joan dira. Munduko onenak zeuden han. Igarri dut aldaketa, ez kategoria aldaketan, baizik eta profesional mailan korritu dudan proba gogorrena izan delako. 

Laboral Kutxa-Euskadirekin beste lasterketarik ba al duzu?

Egutegia data hauetan nahiko motza da. Ardecheko Tourraz gain, Belgikan klasiko batzuk korritu dituzte. Bizpahiru lasterketa geratzen zaizkio taldeari, eta printzipioz ez ditut egingo. 

Talde horrekin aritzeko aukera izatea aurrerapauso handi bat izango zen zuretzako, ezta?

Bai, bai, oso aurrerapauso handia nire ibilbidean. Aurtengo denboraldian bai iruditu zait denbora txikian aurrerapauso handiak ari naizela ematen. Baina oinak lurrean ditut eta prozesuaz disfrutatzen ari naiz. Horrelako aukerak beti dira ongietorriak, eta pozik nago aukera horiek disfrutatzeko aukera dudalako. Iaz hasi nintzen korritzen Eulenekin eta aurten gauzak oso ondo joan dira. Stagiaire bezala korritzeko aukera izan dut, eta oso gustura nago. Denboraldi hasieran ez nuen uste honaino helduko nintzenik. Hasieran helburu errealista batzuk jarrita nituen, eta denboraldi bukaeran ikusi dut helburu horiek guztiak bete ditudala, eta beste emaitza batzuk ere lortu ditudala. Hasierako helburu horiez gain datorren guztia, ongietorria izango da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide