Herenegun El Salvadorren Munduko surf txapelketa irabazi zuen Janire Gonzalez-Etxabarriri harrera egingo diote bihar arratsaldean bere jaioterrian, Zumaian. Ziske klubak 19:00etarako jarri du hitzordua, Kofradian. Zumaiako eta inguruko herrietako surflariei dei egin die klubak ekitaldira hurreratu daitezen beraien surf taulekin, baita oro har, herritar guztiei ere.
Denboraldi aparta egitetik dator Janire Gonzalez-Etxabarri. Duela hilabete batzuk junior mailako txapelketa irabazi zuen Hego Afrikan, eta duela aste batzuk QS zirkuitukoa Kornuallesen, Erresuma Batuan. Meritu itzela du zumaiarrak El Salvadorren lortutakoak. Izan ere, ezin izan zuen bosgarren txanda gainditu, eta errepeskara joan behar izan zuen. Handik, txandak bata bestearen ondoren pasatuta, finalera heldu zen, amaieran garaipena erdietsiz.