Zumaiako Zuntz Optiko sarearen inguruko bilera egingo dute bihar Hogarrean

Juan Luis Romatet 2025eko irailaren 17a

Kableak.

Guifi.net fundazioaren eta sare beraren egoeraz jardungo dute bihar arratsaldez, sareko sustatzaileetako bat den Abailak deitutako bileran. Etorkizunerako proposamenez ere jardungo dute.

Zumaiako Zuntz Optiko (ZOZ) sarearen inguruko bilera egingo dute bihar arratsaldez, Hogarreko lehen solairuan. Zuntz optiko sarearen sustatzaileetako bat den Abailak deitu du aipatu bilera, eta 19:00etan egingo dute. 

Bileraren deialdian jasotzen denez, gai zehatz batzuen inguruan jardungo dute. Hala nola, Guifi.net fundazioak azken urtean izan duen egoera ekonomikoa, eta izan dituen arazo ekonomikoak, gaur egun Zuntz Optikoa Zumaia sarearen jabetza juridiko eta legalaren egoera, eta dohaitza egin duten erabiltzaileen egoera juridikoa; sarearen erabiltzaile kopuruaren beherakada; eta sareak eduki dituen arazo tekniko eta gestio arazoak azken aldian.

Horren guztiaren aurrean, Abailatik proposamen batzuk luzatuko dituztela ere adierazi dute. Horien artean izango lirateke Guifi.Net fundazioak duen zati bat erosteko Abaila berak duen asmoa; eta ZOZ sarearen jabetza juridikoa izango duen egitura bat sortzea. Bertan, dirua jarri duten guztiek (dohaitza egin dutenak barne) partaidetza izango luketa. Hori hala izanda ere, proposamenaren arabera, ppartaidetzaren gehiengoa Zumaiako erabiltzaile, erakunde eta udalak izango lukete. Sarearen erabiltzaile kopurua igotzeko proposamenak ere aztertuko dituzte bileran, "prezioak jaitsiz, ekipamendua berrituz eta kanpaina berriak eginaz".

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide