Udazkena, arte eszenikoen epelean

Maria Maya Manterola 2025eko irailaren 18a

Sapere Aude Sinfoniettak iazko azaroan Oxforden emandako kontzertuko irudi bat. (Miriam Romatet)

Igandean hasiko da Zumaiako udazkeneko arte eszenikoen sasoia, Sapere Aude Sinfoniettak Oxford aretoan emango duen kontzertuarekin. Doakoa izango da, eta bi konposatzailek argiaren bueltan sorturiko piezek osatuko dute emanaldia.

Dagoeneko iragarri du Zumaiako Udalak abendura bitarte herrian izango den arte eszenikoen eskaintzaren berri. Musika emanaldiak, dantza ikuskizunak nahiz haur eta helduentzako antzezlanak izango dira, eta igande honetan izango da lehen emanaldia, hilaren 21ean. Lux kontzertua eskainiko du, hain zuzen ere, Sapere Aude Sinfoniettak, eta gainerako emanaldiak ez bezala, Oxford aretoan izango da. 

Bi obrek osatzen dute Lux emanaldia, Sapere Aude Sinfoniettaren esanetan. Franz Schmidt austriarraren konposizioek, batetik: Paul Wittgenstein piano jotzaile austriarrari eskainitako pieza da, hark Lehen Mundu Gerran hogeita zazpi urte zituela bere eskuineko besoa galdu ondoren. Jennifer Higdonen Light Refracted da bigarren zatia, eta argiak pertsonengan islatzeko moduari buruzko gogoeta bat da obra. Emanaldia 19:30ean izango da, eta doakoa da. 

Beste zazpi ekitaldi

Aita Mariko zine aretoak hartuko ditu udazken sasoiko gainerako zazpi ekitaldiak. Horietarako sarrerak sarrerakzumaia.eus atarian izango dira salgai aurrez, baita Turismo Bulegoan ere, eta sarrerarik geratuko balitz, leihatilan salduko lituzkete emanaldia hasi aurretik. Ondorengoak izango dira: 

  • Urriak 12: Ipurbeltz haur eta familia antzerkia, 12:00etan. 
  • Urriak 24: Eros eta Afroditaren aitortzak helduentzako antzerkia, 20:00etan.
  • Azaroak 16: Pailazo haur eta familia antzerkia, 12:00tan. 
  • Azaroak 21: Kaka helduentzako antzerkia, 20:00etan. 
  • Abenduak 12: 52 hertz helduentzako antzerkia, 20:00etan. 
  • Abenduak 14: Semaforoa haur antzerkia, 12:00etan.
  • Abenduak 19: Ibaia dantza ikuskizuna, 20:00etan. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide