Zer egiten du zumaiar batek Zarauzko traineruko patroi?
Kadete mailan hasi nintzen Zumaian, arraunean. Gero, Zumaiako trainerura pasa nintzen. Istriborra eta ababorra nintzen. Baina, metro eta erdiko garaierarekin eta pisu gutxirekin, azkenean arraunlari izateko tailua ez nuen ematen. Zumaian ordurako bi patroi zeuden, bat azpeitiarra eta bestea Ondarroakoa, eta Zarauztik esan zidaten patroia behar zutela. Han joan nintzen, Zumaiako klubak utzita. Aurten bigarren denboraldia dut Zarauzko patroi bezala.
Patroi bezala, traineruan bakarrik aritu zara? Edo bateletan edo trainerilletan ere bai?
Lehen urtean zuzenean traineruan hasi nintzen. Aurten bai egin ditudala batelak, trainerillak eta trainerua, esperientzia hartzen joateko.
Traineruarekin hasi zinen zuzenean. Halako ontzi handia maneiatzea erraza egiten al zaizu?
Baditu bere gauzak. Itsasoan zailagoa da errioan baino, eta mila gauzetara adi egon behar zara. Entrenatzailearekin kontaktu zuzena izan behar duzu; berekin ondo eraman behar zara, akats txiki bat badago biotako baten errua izango delako. Trainerua zuzen eraman behar duzu, baina bidean haizea, olatuak, gauza pila bat daude, eta hori guztia kontrolatzea oso zaila da. Askotan esaten dute patroiak marru batzuk egiten dituela eta ziabogan ardura duela, baina hasieratik bukaerara arte egiten duzun bideak garrantzia handia du. Akats txikiena ere asko igartzen da, eta horietan segundo asko galdu ditzakezu. Batez ere, goian bazabiltza, lehen bien artean, asko igartzen da.
Denboraldi galanta egin duzue aurten.
Denboraldiaurreko txapelketetan postu onak lortzen hasi ginen. Ez genuen espero hain goian ibiltzea. ETE ligan, pasa den denboraldian Zumaia eta Astillero igo ziren, eta aurten espero genuen San Juanekin borroka izango genuela, baina ez genuen espero Ondarroa, Kaiku eta besteak hain atzean ibiltzea. Azkenean, lehia bat izan da San Juan eta gure artean, eta play offeko postuetan beti izan gara biok. Kaikuk bandera bat eraman du, baina ezusteko gehiago ez du eman.
Zarauzko bandera ere irabazi duzue aurten. Lehendabizikoz irabazi du Zarautzeko etxeko estropada.
Bai, bai. Azkeneko estropada, liga irabazi genuenekoa, berezia izan zen, baina denboraldi osoko bereziena Zarauzkoa izan zen. Traineru ia osoa zarauztarra da, eta izugarrizko ilusioa egiten zien bertan aritzeak. Gero, irabaztea izugarria izan zen, beraientzat, baina baita niretzako ere. Nahiz eta hangoa ez izan, kristoren ilusioa eman zidan beraiengatik.
Traineru barruan nola bizi izan duzue egindako denboraldia?
Gure taldea oso gaztea da. Batez besteko adina 20 urtekoa da. Aurten igo diren sei jubenil ditugu, 16 urtekoak, 17 urte egiteko. Alde horretatik, esperientzia gutxiko trainerua da, baina gogo pila bat eta ilusioa duena. Denontzako lehen aldia da liga irabazi duguna. Kontxan ere lehenengo aldiz sartuko ginen, baina ezin izan dugu sartu.
Epaileek jarritako isun batengatik geratu zineten Kontxatik kanpo. Gogorra izango zen. Handik errekuperatzea erraza egin al zaizue?
Lehenengo eguna oso gogorra izan zen, ontzi barruan ospatu eta dena egin genuen-eta. Albistea jaso genuenean kristoren tristura izan genuen, eta egun hori oso gogorra izan zen. Entrenatzaileak bi atseden egun eman zizkigun. Hor txipa aldatu genuen, eta berriro zerotik hasi ginen, atzera kontu batekin: hamahiru egun falta dira play offerako, hamabi egun... horrela. Beste helburu batzuk jarri genituen, Bermeora joan ginen, elkarrekin bazkaldu. Taldea egiteko erabili dugu denbora.
Igoerako play offean bost ontzi arituko zarete. Pasa den igandean Kontxan ikusitakoaren arabera, badirudi Donostiarra beste maila batean dagoela. Nola ikusten dituzu aurkariak?
Donostiarra bai ikusten dugula goian dagoela. Euskotren liga behean hasi zuen, baina azken aldian gorantz egin du, eta beraiek dioten bezala, momenturik onenean daude. Hala ere, pentsatzen dut ez direla gu baino askoz gehiago. Beraiek ere aurten baja pila bat izan dituzte, jende gaztea dute, baina bai ikusten dugu faborito bezala, eta Euskotren ligan jarraituko duela.
San Juan, bestalde, hortxe izan dugu denboraldi osoan hurre, eta pentsatzen dut hor jarraituko dutela. Chapela, Kontxan, 15 bat segundora geratu zen, pixka bat atzetik. Hala ere, ez gara lasaituko eta badakigu ezusteko bat emateko gai direla.
Galiziako traineruak beti dira inkognita bat...
Gainera, beraiek denboraldia egiten dute mutilen distantzia berean. Gure distantzia bikoitza egiten dute, lau luze eta hiru ziabogarekin. Chapelak liga eta bandera asko irabazi ditu, baina beraien denborak ez dakigu oso ondo nolakoak diren gurekin alderatuta; erritmoak-eta ez dira berdinak.
Play offera begira, planifikazio berezirik egin duzue?
Gure helburua Kontxan sartzea zen, horrek emango zigulako play offetara joateko puntx hori. Ez zen horrela izan. Hala ere, ez dut uste urte osoan egindakoarekin alderatuta ezer aldatu dugunik. Bai Bermeoko estropada eremua hartu dugula erreferentzia bezala, eta itsasoan entrenatzen okerka ibili gara. Bermeoko estropada eremua okerka da, ez da olatuen alde ez kontra. Pasa den larunbatean Bermeora joan ginen, erreferentzia batzuk hartzera. Hor ez da sekreturik izango: arraunean egin behar da, bai joaten, bai bueltakoan, eta txalupa nibelatuen eramaten duenak asmatuko du.
Igandekoa, Portugaleten, ibaian izango da. Bermeon lortutako emaitzen arabera aterako gara igandean, eta erreferentzia batzuk izango ditugu, edo ez. Lehenak aterata ez dakizu besteak nola ibiliko diren, baina azkena aterata jakingo duzu estutu behar duzun edo ez.
Donostiarrak Kontxan parte hartu du. Zuek, berriz, bi aste eta erdi izan dituzue estropadarik gabe. Erritmoa galtzeko beldurrik ez al duzue izan?
Saiatu gara erritmoa ez galtzen. Entrenamendu batzuk besteak baino gogorragoak izan dira. Bai diotela Donostiarra helduko dela momenturik onenean, erritmoa galdu gabe. Baina gu, aldi berean, atseden egunekin, pixka bat osatuago helduko gara beraiek baino. Bermeora begira, guk bi aste izan ditugu prestatzeko eta beraiek bat.
Denboraldian ikusitakoaren arabera, igotzeko aukerak dituzue. Halako une batean, ez da erraza izango urduritasuna kontrolatzea.
Entrenatzaileak esan digu zerotik abiatu behar garela, eta gero etorriko dela etorri behar duena. Baina bai pentsatzen dugula herrian zerbait prest izango dutela, eta sorpresaren bat prestatuko digutela.