Olagarro Eguna 2025

Milaka brotxeta, Olagarro egunean zerbitzatzeko zain

Juan Luis Romatet 2025eko irailaren 19a

Olagarro eguna ospatuko dute bihar Zumaian. Aurretik, txosnetan eta herri bazkarian lan egingo duten talde eta elkarteetako kideak olagarro brotxetak prestatzen aritu dira Herri Eskolatako aterpean.

Bihar Zumaian ospatuko duten Olagarro egunean garrantzia berezia izango du, urtero bezala, gastronomiak. Aurten ez dute zerbitzatuko olagarro zoparik txosnetan, baina haren ordez olagarroa patatakin emango dute. Hutsik egingo ez dutena, ordea, olagarro brotxetak izango dira. Ehunka brotxeta, milaka, zerbitzatuko dituzte herriko puntu desberdinetan jarriko dituzten txosnetan. Goizez, Gernika parkekoan eta Beheko plazakoan emango dituzte; arratsaldez, gainontzekoetan. 

Herriko talde eta elkarte ugari arituko dira lanetan aipatu txosnetan edo herri bazkaria ematen. Lanaren ordez diru kopuru bat jasoko dute, eta olagarro brotxetak prestatze lanetan ere aritu behar izaten dute. Arratsalde partean aritu dira olagarro erroak mozten eta haiekin brotxetak egiten, Zumaiako Herriko Eskolako aterpe azpian. Horiek dastatzeko gogoa dutenek bihar arte egon beharko dute zain.

Egitaraua

  • Goiz partean, XIX. Argazki Rallya. Izen ematea 09:00etatik 10:00etara, Alondegiko Oxford aretoan.
  • 10:30-14:30. Elikagaien azoka, Eusebio Gurrutxaga plazan.
  • 11:00. Haur eta gaztetxoentzat jolasak, Gernika parkean.
  • 11:00-13:00. Algorri Interpretazio Zentroaren eskutik, olagarro panpin tailerrak, Gernika parkean, 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzat.
  • 11:00. Kuadrillen arteko batel estropada: Olagarro Eguneko XVII. Bandera, Telmo Deun elkarteak antolatuta.
  • 11:00. Flyscheko olagarroa bisita gidatua. Erreserbak: geoparkea.eus.
  • 11:00-14:00. Kofradiako atea zabalik, arrainen salmenta aretoa ikusteko.
  • 11:15. Olagarro harrapatzaile izandakoentzat hamaiketakoa.
  • 11:30. Herriko txistulariekin eta Astindurekin kalejira.
  • 12:30. Kalejira Zutrik taldearekin.
  • Goizean zehar, olagarroa patatekin eta olagarro brotxetak, txosnetan.
  • 14:30. Herri bazkaria, Sagarbideko aterpean.
  • 17:00-19:00. Kofradiako atea zabalik, arrainen salmenta aretoa ikusteko.
  • Arratsaldean zehar, olagarro brotxetak, txosnetan.
  • 18:30. Gautxori txaranga, herriko kaleetan.
  • 19:30. Batel estropadaren sari banaketa, Kofradian.
  • 22:30. Erromeria Imuntzo eta Beloki trikitilariekin, Kofradian.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide