Adinekoei zuzendutako memoria lantzeko tailerrerako izen ematea gaur zabalduko dute

Juan Luis Romatet 2025eko irailaren 22a

Tipi tapako eskualde mailako erabiltzaileak, pasa den udaberrian Zumaian. (Sara Utrera)

Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek adinekoei zuzendutako ekimenen barruan, Estimulazio kognitibo tailerra antolatu dute. Tipi tapa ibilaldiak ere bueltan izango dira udazkenarekin batera. 

Udazkenarekin batera, adinekoei zuzendutako zenbait ekintza antolatu dituzte Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuek. Horien artean da urritik abendura bitartean emango duten Estimulazio kognitibo tailerra. Adinekoen memoria lantzea helburu du ekimen hark. 

Urriaren 6tik abenduaren 15era bitartean emango da, Hogarrean. Oroimena aktibo mantentzeko ariketak eta jarduerak egingo dituzte parte hartzaileek. Izena emango duten lagunen arabera, bi taldetan banatuko dituzte. Lehen taldea 16:00etatik 17:00etara bilduko da, eta 17:10etik 18:10era bigarrena. 

Tailerrerako izen ematea gaur bertan zabalduko dute, Gizarte Zerbitzuen bulegoetan, ohiko ordutegian. Matrikula 10,50 eurokoa izango da, eta diru sarrerak Kutxabankeko 2095 5174 90 1060024873 kontuan egingo dira. Sarrera egitean, tailerrean parte hartuko duen pertsonaren izen abizenak jarri beharko dira. Izena emateko epea datorren ostiralean, hilaren 26an itxiko da. Informazio zehatzagoa jasotzeko, 943-86 22 00 telefono zenbakira deitu daiteke edo brankaharrera@zumaia.eus helbidera idatzi.

Ibilaldiak, asteazkenetan

Oporren ostean bueltan dira Tipi tapa ibilaldiak ere. Jarduera horietan arituko direnek osasun ibilaldiak egingo dituzte, boluntarioen gidaritzapean, "elkartu eta harremantzeko guneak sortuz".

Asteazkenetan egingo dituzte aipatu saioak, urte osoan zehar. Goizeko 10:00etan elkartuko dira, Beheko plazan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide