Jai Alai Ligako txapela defendatuko du Imanol Lopezek

Juan Luis Romatet

Barandika eta Lopez, atzoko partidako une batean. (Eraman)

Barandika eta Lopez nagusi izan ziren atzo arratsaldez Donostiako Balda pilotalekuan jokatutako finalerdian. Finala datorren astelehenean jokatuko dute, eta Urreisti eta Basque izango dituzte aurkari. 

Jai Alai Ligako txapela jantzi zuten iaz Xabier Barandikak eta Imanol Lopezek, eta aurten ere bide beretik doaz. Ligako sailkapeneko laugarren postuan sartu ziren biak ere azken fasera, eta atzo Donostiako Balda pilotalekuan jokatutako finalerdian rankingeko lehenak izan zituzten aurkari, denboraldiko dominatzaile izan diren Erkiaga eta Gorka, hain zuzen. Bada, iaz gertatu bezala, sailkapeneko liderrak kanporatu dituzte aurten ere Barandikak eta Lopezek. 

Perfekziotik hurbil egon zen atzo Barandikak eta Lopezek jokatutako partida. Ia konturatu gabe, 1 eta 5 jarri ziren aurretik. 6 eta 8ra hurreratu ziren Erkiaga eta Gorka, baina iazko txapeldunek ez zioten atzo aurkariei aukerarik eman, eta 7 eta 15 emaitzarekin irabazi zuten lehen jokoa. Bigarren jokoan ere maila bera erakutsi zuten. 3 eta 5 jarri ziren aurretik, eta atzealdean Lopezek egindako partida itzelarekin eta Barandikak egindako tantoekin, 9 eta 15 irabazi zuten bigarren jokoa, finalerako txartela lortuz. 

Datorren astelehenean jokatuko dute finala, Balda pilotalekuan, eta han erabakiko da zer bikotek jantziko duen aurtengo ligako txapela. Barandika eta Lopez defendatzaile gisa aterako dira; aurkariak, berriz, Urreisti mutrikuarra eta Basque lapurtarra izango dituzte.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide