Emakumeon Etxearen laugarren urteurrena ospatuko dute bihar

Juan Luis Romatet 2025eko irailaren 25a

Alarma morea taldea. (Otamotz)

Bihar arratsaldez egingo dute Zumaiako Emakumeon Etxeko urteurreneko ospakizuna, 19:00etan hasita. Alarma morea taldearen kontzertua izango dute, eta ondoren mokadutxoa. Datorren asterako ekitaldien berri ere eman dute.

Duela lau urte zabaldu zuten Ardantzabiden Zumaiako Emakumeon Etxea. Ordutik, herriko emakumeen bilgune izateaz gain, gai desberdin ugari lantzen dituen egitarau anitza prestatu dute urtero. Udazkenetik udaberrira bitartean, ekitaldiak eta tailerrak, ahalduntze eskolak eta mendi irteerak antolatu izan dituzte. 

Ireki zutela laugarren urteurrena betetzen den horretan, haren historia labur bezain aberatsa ospatuko dute bihar arratsaldez festa giroan. 19:00etan hasita, runba eta flamenkoa euskaraz lantzen duen Zumarragako Alarma morea taldearen kontzertua izango da, Ardantzabideko Martxoaren 8a plazan. Jarraian, mokadutxoa izango dela azaldu dute antolatzaileek.

Ekitaldiak datorren astean

Datorren astean egingo dituzten ekitaldiak ere iragarri ditu Emakumeon Etxeko lantaldeak. Hala, astelehenean, 18:30ean hasita, La revolución humilde: entre la mutación y la metamorfosis izeneko hitzaldia emango du Yayo Herrero Lopezek. Asteazkenean, 17:00etan, Herriko historia eta emakumeen memoria argazkitan lantzea helburu duen Ez ahazteko gogoratuz saioko beste hitzordu bat izango da. Ostegunean, berriz, 18:30ean, Zaharrizketa umorez betetako bakarrizketa emango du Idoia Torregaraik.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide