Mari Prexen Zendoia: "Gauzak aldatu egin dira, lehen gehiago erretzen zen"

Oier Romatet 2025eko irailaren 28a

Ilustrazioa: Ainhoa Caporossi | La veceria.

Emakumea, zumaiarra, ama... Kafeari zurrut egin behar izan dio galderarik zailenari erantzuna aurkitzeko: "Nor da Mari Prexen?". Mari kalean jaio zen Mari Prexen Zendoia 1960an, eta handik Goiko Plazara mugitu zen beranduago. Hainbat lanbide probatu zituen, gero amatasunari eman lekua, eta orain Goiko Plazako estankoan igarotzen du eguna lanean, "goiko estankua" zumaiarrentzat.

Mari Prexen Zendoia 2005ean hasi zen goiko estankoan lanean, 45 urte zituela. Seme-alabak "koskortuta" zituen jada garai hartan, eta Arritxu Rubio –estankoko lehengo nagusia– langile bila zebilenez, harekin hasi zen. Gerora, Rubio jubilatu zenean, estankoko lizentzia hartu zuen Zendoiak. Ordura arte familia lotura bat izan beharra zegoen estankoa esku batetik bestetara pasatu ahal izateko, baina legea aldatzeak ahalbidetu egin zion estankoa berak hartzea. "Ausartu egin nintzen eta gustura nago", azpimarratu du harrotasunez.

Hala ere, estankora iritsi aurretik denetarik egindakoa da Zendoia. Administrazio ikasketak egin bitartean, farmazia batean aritu zen lanean uda batean. Gero, dentista batekin aritu zen hiru urtez. Horren ostean, 1981ean, Ines Aseginolaza pediatra Zumaiara etorri zenean, haren etxean egin zuen lan, bi haur zaintzen, Zendoia bera ama izan zen arte. Semea izan zuenean, lana utzi zuen, eta ama izatera zein etxeko lanetara mugatu zuen bere jarduna, Iosu eta Ane bi seme-alabak hazi eta estankoan hasi zen arte.

Kontsumo aldaketak

Bi hamarkada daramatza dagoeneko estankoko mostradorearen atzean, eta gizartea aldatzen doan modura, hango lana, produktuak zein bezeroak ere aldatzen doazela ikusi du zumaiarrak. "Gauzak aldatu egin dira, lehen gehiago erretzen zuen jendea, orain gutxiago edo, behintzat, diferente". Azaldu duenez, tabakoaren kontsumoaren inguruko legeak eta gizartean osasunarekiko ardura areagotzea dira aldaketa horren arrazoi nagusiak.

Maiztasunean ez ezik, produktuetan ere aldaketak izan dira urte hauetan guztietan, goiko estankoan bai behintzat. Adibide gisa puru handiak jarri ditu Zendoiak: "Lehen jendeak puruak-eta gehiago erretzen zituen; orain puru handiak jada ia inork ez ditu erretzen, oso gutxi saltzen dira". Lehen tabako beltza ere gehiago erretzen zuen jendeak, orain aldiz gehienek gorria erretzen dute; eta biltzeko tabakoa ere izugarri saltzen da orain... Eta badira aldian aldiko moda ere; esaterako, bapeagailuena. Duela hiru urte hasi ziren zigarro elektroniko horien joeran jartzen, indartsu hasi gainera, nahiz eta orain zertxobait jaitsi egin den hhorien kontsumoa.

Bezeroak ere aldatzen joan dira. "Ni hasi nintzenean jende helduagoa ibiltzen zen batez ere. Orain nire bezero gehienak 30-60 urte bitartekoak dira", zehaztu du saltzaileak. Urte hauetan guztietan dendara sartzen iristen diren aurpegiak ere aldatzen joan dira; duela hogei urte etortzen ziren askok erretzeari utzi zieten, eta belaunaldi gazteagoei pasatu diete lekukoa. Bezeroekin duen hartu-eman hori da Zendoiaren parterik gogokoena, elkarren artean sortzen den erlazioa. "Normalean, bezero oso jatorrak ditut, eta ezagunak; betiko bezeroak ditut eta ezer esan beharrik gabe ateratzen diet behar dutena", kontatu du irribarre batez.

Hausnarketak eta kontrolak

Aurrekoaren kontrapuntuan, estankoko lanak baditu alde gogorragoak ere, eta bezeroekin sortutako harreman batzuk gazi-gozo bihurtu daitezkeela nabarmendu du. Izan ere, saltzailearen esanetan, "osasunerako kaltegarriak" diren produktuak saltzeak barne gatazkak ere sortzen ditu batzuetan: "Bezero bat erretzailea delako gaixotu dela jakiteak zerbait sorrarazten dizu barruan, baina, beste aldetik, pentsatu behar da pertsona oro badela nahiko heldu hori jakiteko, eta guk zerbitzu bat besterik ez dugula ematen, tabernek egiten den bezalaxe".

Osasun arazoei zuzenki lotutakoa izaki, zorrotz araututako sektorea da tabakoarena, eta hori da, agian, Zendoiari bere lanetik gutxien gustatzen zaiona: "Ezin dugu nahi duguna egin, hitzartuta ditugu prezioak eta arau batzuk eta bete egin behar ditugu". Zentzu horretan, ez dute askatasun handirik negozioa nahi duten modura gobernatu ahal izateko.

Gobernuak tabakoaren kontsumoa murriztearen lelopean hartutako erabaki batzuek amorratu egiten dute Zendoia noizbehinka. Esaterako, tabakoaren prezioaren igoeraren atzean berak zer ikusten duen azaldu du: "Salmenta prezio horren portzentaje bat guretzat izaten da, beraz, igoerarekin guri ere zerbait igotzen zaigu, baina gobernua da %80 eskuratzen duena; beraz, atera kontuak: tabako kaxa bat 40 zentimo igotzen badute, bost pertsonak erretzeari utziko diote, baina beste guztiak...". Onartu du igoera horrek zenbaiti lagundu izan diela tabakoa uzteko prozesu horretan, izan ere, gogo pixka bat izanez gero, eta igoera horrek parean harrapatuz gero, errazagoa da erabakia hartzea.

Estankoetan duten beste mugetako bat adingabekoei saltzeko debekua da. Bada "oraindik bigoterik gabe" gerturatzen denik, Zendoiak kontatzen duenez; baina "zorrotz" eramaten du zumaiarrak kontrola nortasun agiria eskatuz. "Batzuk oso argiak dira eta mugikorrean ekartzen didate, baina nik fisikoa behar izaten dut. Etxean utzi dutela esaten badidate, etxera joateko eta ekartzeko eskatzen diet", azpimarratu du.

Etorkizunera begira

Urteak joan eta urteak etorri, Zendoiari ere heldu zaio etorkizunaz hausnartzeen hasteko unea; hain justu, elkarrizketa hau egin eta hurrengo egunean da lanean zenbat denbora gehiagoz jarraitu beharra daukan galdetzera. "Oraindik ez dut oso argi zer egin nahi dudan, baina pentsatzen ari naiz", azaldu du, pentsakor. "65 urte ditut eta jubilatzeko gogoa... bai eta ez". Batetik badu gehiago lanik ez egiteko gogoa, baina, aldi berean, pena ere ematen dio lanean bezeroekin hizketan igarotzen duen denbora hori eta harreman horiek galtzeak. Etxean ez du inor negozioarekin jarraitzeko, beraz, prest dago lekukoa hartu nahi duen horri ateak irekitzeko. "Aberastu ez zara egingo estanko batekin, baina gutxienez izango duzu bizitzeko adina, eta lan polita da".

Mari Prexen Zendoia

• Adina: 65 urte.
• Ikasketak: Administrazio Laguntzailea.
• Lanbidea: estankoko saltzailea.
• Estankoko saltzailea ez banintz… tabernaria izango nintzake edo hizkuntzekin lotutako zerbai egingo nuke.
• Lanetik ateratzean gogoko dut… lagunekin eta familiarekin egotea eta buelta bat ematea.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide