Iluntzera arte jarraituko dute sanmigelek Artadin

Juan Luis Romatet 2025eko irailaren 29a

San Migel eguna ospatzen ari dira gaur Artadin. Meza, pilota partida eta txakolin dastaketa izan dute eguerdi partean. Jaiek arratsaldean jarraituko dute, bertsoekin eta trikitixa doinuekin. 

Larunbatean eta igandean Artadin izandako giro onak astelehenean ere jarraipena izan du. San Migel eguna ari dira ospatzen gaur Zumaiako auzoan, eta eguraldia lagun, jende kopuru polita inguratu da egun horretarako antolatutako ekitaldietan parte hartzeko gogoz. 

Mezaren ondoren, sabela betetzeko aukera izan dute bertaratu direnek. Batzuk eliza aurrean jarritao mahaien bueltan eseri dira;: besteak elkartera igo dira, eta han atera dizkiete salda beroa edota txorizo eta patata tortila pintxoak. Haragi egosia eta txorizo egosia ere ez da falta izan mahai askotan. 

Ohikoa den bezala, ez da pilota partidarik falta izan gaurkoan ere. Afizionatuen lehen mailako norgehiagoka jokatu dute Artadiko hiru hormako frontoi txikian. Xabier Apaolaza eta Aratz Ormaetxea aritu dira gorriz, eta Mikel Aranbarri eta Iker Elizegi urdinez. Artadiko ohiturari jarraituz, aurretik zihoan bikotea 22. kartoira hurreratzen ari zenean, partida luzetu egin dute, 25. tantora arte. Azkenean, gorriek irabazi dute 25 eta 19 emaitzarekin. 

Haren amaieran, txakolin dastaketa hasi dute. Inguruko hamar txakolindegitako ardoak edateko aukera izan dute bertaratutakoek, oholtzatik Ostolazaren eta Larrañagaren trikitixa doineak heltzen ziren bitartean. Andoni Egañak eta Amets Arzallus bertsolariek eguneko lehen saioa eskaini dute.

Festek arratsaldean jarraituko dute, bertsolarien zein trikitilarien bigarren saioarekin. Iluntze partera arte jarraituko dute festak ospatzen auzoan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide