Junior mailan lehena izan da Unax Pascual bodyboardeko Europako zirkuituko lehen hitzorduan

Juan Luis Romatet 2025eko irailaren 30a

Unax Pascual hondartzara sartzen Tenerifen. (Utzitakoa)

Tenerifeko (Kanariar Uharteak, Espainia) El Socorro hondartzen jokatu zuten pasa den astean Europako bodyboard zirkuituko lehen proba. Unax Pascual zumaiarra junior mailan nagusitu zen, eta bigarren izan zen open kategorian. 

Maila bikainean hasi du Unax Pascual zumaiarrak bodyboardeko Europako zirkuitua. Pasa den astean, irailaren 24tik 28ra bitartean, zirkuituko lehen proba jokatu zuten Tenerifeko El Socorro hondartzan. Aurreko txandetan egindako lanari esker, Pascual finaletara heldu zen projunior kategorian zein open mailan. Lehena irabazi zuen, 13.25 punturekin. Open kategorian, berriz, bigarren izan zen. 14.60 puntu egin zituen, eta David Perez bakarrik izan zen bera baino hobea maila horretan. 

Bihartik aurrera jokatuko dute Europako zirkuituko bigarren proba. Ez dute asko bidaiatu beharko, alboko irlan izango delako, Kanaria Handiko Las Canteras hondartzan, urriaren 1etik 5era bitartean. Urriaren 11tik 26ra bitartean, berriz, munduko txapelketa jokatuko dute Dominikar Errepublikako El Fronton hondartzan. Han izango da, baita, zumaiar gaztea. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide