Bigarren urtez jarraian irabazi du Jai Alai Liga Imanol Lopezek

Juan Luis Romatet 2025eko irailaren 30a

Imanol Lopez, bere alabekin, Donostiako podiumean. (Eraman)

Xabier Barandikarekin osatu du zumaiarrak bikotea Jai Alai Ligako azken fasean. Atzo arratsaldez jokatu zuten finala, eta nagusitasunarekin gailendu zitzaien Urreistiri eta Basqueri, bi jokotan. 

Xabier Barandika gernikarra eta Imanol Lopez zumaiarra dira Jai Alai Ligako aurtengo irabazleak. Bigarren urtez jarraian jantzi dituzte irabazleen txapelak, iaz ere beraiek igo ziren eta podiumeko goiko lekura. Orduan bezala, sailkapeneko laugarren postuan heldu ziren azken fasera, eta ustez faboritoak ziren bikoteak kaleratu ondoren, lortu dute garaipena ligan.

Atzo arratsaldez jokatu zuten finala Donostiako Balda pilotalekuan. Harmailak bete egin ziren, eta sekulako giroarekin jokatu zuten partida. Urreisti mutrikuarra eta Basque lapurtarra izan zituzten aurkari finalean. Duela astebeteko finalerdian erakutsitako jokoa berretsi zuten finalean Barandikak eta Lopezek. Apenas egin zuten hutsik finalean zehar, eta ez zioten aukerarik eman aurkariei. 

Partida galanta egin zuen atzo ere Lopezek, joko eta kokapen aldetik, eta Barandikarekin konexio handia duela erakutsi zuen beste behin ere. Lehen jokoan dominatzaile garbiak izan ziren atzo horiz aritu ziren gernikarra eta zumaiarra, eta 6 eta 15 emaitzarekin irabazi zuten. Bigarren jokoan erreakzionatu zuten Urreistik eta Basquek, eta lehia gogorra izan zen Balda historikoko kantxan. Hala ere, azken tantuak Barandikarentzat eta Lopezentzat izan ziren, eta 12 eta 15 emaitzarekin irabazi zuten. Pozaren pozez besarkatu ziren bi txapeldunak, bertaratutakoan txalo zaparrada artean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide