Tentsiopeko eremu izendatutako udalerrien alokairuen prezioek mugak izango dituzte gaurtik. Izan ere, atzo argitaratu zuten Espainiako Aldizkari Ofizialean Espainiako Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak Gipuzkoako erreferentziazko prezioen indizearen eguneraketa, eta arau horren ondorioz mugatu ahalko dira alokairuen prezioak zenbait udalerritan, tartean, Zumaian.
Etxebizitzen alokairuen prezioen mugak kontsultatzeko, serpavi.mivau.gob.es/ atarira jo beharko da, eta zenbait datu eman: katastroko erreferentzia, helbidea, energia ziurtagiria, kontserbazio egoera eta instalazioa, besteak beste. Modu horretan, higiezin bakoitzari aplika dakiokeen alokairu prezioaren tarte objektiboaren berri jasoko du erabiltzaileak.
Halaber, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailak gogorarazi du Gipuzkoan tentsiopeko eremu izendatutako herrietako alokairu kontratuen %90 Etxebizitza Alokairuaren Erreferentzia Indizearen (EAB) bidezko kontrol sistemari daudela lotuta, eta horrenbestez, neurri berriak sistema horretara lotzeke dauden kontratuen %10i soilik eragingo die.
Bi kasu hipotetiko
Amaia Plazako 90 metro koadroko etxe batek hilean 719,95 euroko eta 838,47 euroko erreferentziazko prezioak ditu. Baldintza eta neurri bereko etxebizitza batek, Alai auzategian, berriz, 620,34 euro eta 846,39 euro artekoa.
Guka harremanetan jarri da Zumaiako Udalarekin, neurriari buruzko balorazioa egiteko. Dena den, gaur-gaurkoz, erakundeak jakinarazi du gaia aztertzen ari dela etxebizitza bulegoarekin, eta ez du baloraziorik egin nahi izan.