Gabonetako egitaraua prestatzeko bilera egingo dute urriaren 14an

Juan Luis Romatet 2025eko urriaren 2a

Errege magoak Zumaiara heltzen. (Juan Luis Romatet)

Alondegia kultur etxean egingo dute egitaraua prestatzeko bilera. Hitzordura agertu ezin, baina proposamenak dituzten lagunak, Udaleko Kultura Sailarekin jar daitezke harremanetan.

Gabonetara begira jarri da dagoeneko Udaleko Kultura Saila. 2025aren amaieran eta 2026ko hasieran Zumaian egingo diren ekitaldiak prestatzeko bilera deitu du urriaren 14rako. 19:00etarako jarri dute hitzordua, Alondegian. 

Kultura Sailak igorritako mezuan irakurri daitekeenez, lanak ugariak izango dira: Jaiotzaren antolaketa, errege kabalgatako karrozak eraikitzea, kabalgata bera antolatzen laguntzea, etab. Gaineratu du aipatu bilera irekia izango dela, "jai hauetan lankidetza eskaini nahi duen guztientzat".

Bilerara agertu ezin, baina proposamenen bat duten, edo laguntza eskaini nahi duten elkarte edota norbanakoak Alondegia kultur etxearekin jar daitezke harremanetan, 943-86 10 56 telefonora deituz edo kultura@zumaia.eus posta elektronikoko helbidera idatziz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide