Surf eta bodyboard txapelketa jokatuko dute datorren asteburuan Itzurunen

Juan Luis Romatet 2025eko urriaren 2a

Iazko txapelketako podiumetako bat. (Ziske)

Itsasoak uzten badu, behintzat, larunbatean eta igandean jokatuko dute Ziskek antolatutako herri txapelketa. Aurten ere behar bereziak dituzten haur eta gazteei zuzendutako ikastaro inklusiboak egingo dituzte. 

Antolatu edo ez zalantzak izan baditu ere, Zumaiako Itzurun Surf Elkarteak (Ziske) herri mailako surf eta bodyboard txapelketa egingo du datorren asteburuan, Itzurun hondartzan. Itsasoaren egoera egokia bada, larunbatean eta igandean egingo dituzte txandak, proba edo kategoria desberdinetan banatuta: open, master, 18 urtez azpikoak, neskak eta longboard kategoriatan jokatuko dute txapelketa. Goizeko 08:00etan egingo dute checkinga, eta ordu erdi geroago ekingo diete txandei. 

Interesdunek oraindik ere izena emateko aukera dute, Spot surf dendan. Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, bi kategoriatan parte hartu ahal izango du, eta kategoriako 10 euro ordainduko ditu izena ematerako orduan. 

Ikastaro inklusiboa

Iaz egin bezala, eta uztailean egiten duten Surfestako bidea jarraituta, behar berezia duten haur eta gazteei zuzendutako surf ikastaro inklusiboa egingo dute aurten ere. Larunbatean egingo dute, goizeko 11:30ean, eta ekintza hori antolatzeko La Caixa Fundazioaren laguntza izango du Ziske elkarteak.

Jarduerak ordu eta erdi inguruko iraupena izango du, eta haren helburua "inklusioa sustatzea" dela adierazi dute, "haur eta gazteei surfaz gozatzeko aukera emanez". Ikastaro horrekin amaituko dituzte uztailetik irailera bitartean egin dituzten eskolaz kanpoko jarduerak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide