1959 eta 1978 artean zumaiarrek bizi izandako giza eskubideen urraketak ikertzen jarraituko dute

Maria Maya Manterola 2025eko urriaren 2a

Autobusak betetzen, Zumaian, frankismo garaian, herritik kanporatzeko. (Zumaiako fototeka)

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Zumaiako Udalak lankidetza hitzarmen berria sinatu dute aldi hori ikertzen jarraitzeko. Zumaiarrek gaiaren inguruan egin ditzaketen ekarpenak jasotzeko nahiz zalantzak argitzeko, Memoriaren bulegoa zabalik izango da urriko asteartetan.

Lankidetza hitzarmena berritu dute Zumaiako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. Orain artean ere 1959 eta 1978 artean zumaiarrek edo Zumaian jasandako giza eskubideen urraketak ikertzen aritu da Aranzadi, eta aurrerantzean ere hala jarraituko du. Udalak era horretan eman nahi dio jarraipena oroimen historikoaren lanketari. 

Lehen frankismoko urteetatik diktaduraren amaierara arteko garaia aztertuko dute: errepresio politikoa, erbestea, zentsura, jazarpen soziala nahiz isiltasunean gordetako bestelako eskubide urraketak, besteak beste. Dokumentu historikoetara eta testigantzetara joko dute horiek biltzeko. 

Udalaren hitzetan, iraganari bakarrik ez, "etorkizunari eta orainari" begiratzen dio proiektu honek: "Egia, Justizia eta erreparazioa bilatzen ditu eskubide urraketak jasan zituztenentzat eta haien ingurukoentzat, noski. Baina horrez gain, gizarte osoarentzat memoria tresna moduan eskaintzea du xede. Izan ere, halako lanek gertatutakoa errepikatu ez dadin herritarren kontzientzia sustatzea ere badute helburu".

Emaitzak zabaltzera

Bildutakoa ez lukete artxiboetan gelditzerik nahi, eta ondorioak ikerketak emandakoa gizarteratzeko, hitzaldiak, aurkezpen publikoak eta webgune bat ere prestatuko dituzte. "Helburua ez da soilik ikertzea, baizik eta ezagutaraztea, herritarren parte-hartzea sustatzea, gertatutakoaren inguruan hausnartzea, eta belaunaldi berriei memoria bizirik helaraztea", iritzi dio udalak. 

Genero ikuspegia izango da kontuan hartuko duten ardatzetako bat, "sarri, errepresio eta indarkeria kasuetan, emakumeen bizipenak isilpeagoan gelditu ohi baitira". Isildutako horri guztiari ahotsa eman nahi diote, hain justu ere. 

Memoriaren bulegoa, asteartero

Ikerketan ezinbestekotzat jo dute zumaiarren ekarpena, eta horretarako, testigantzak, dokumentuak, oroitzapenak edota bestelako informazio partekatu nahi dutenek ateak zabal-zabalik izango dituztela aipatu dute. Memoriaren bulegoa jarri dute martxan horretarako, informazioa bildu eta zalantzak argitzeko: urriko astearteetan 10:00etatik 13:00etara izango da zabalik, udaletxean bertan, eta ordutegi horretatik kanpo hitzordua hartzeko aukera ere izango da, beti ere, aurrez adostuta, memoria@aranzadi.eus helbidera mezua bidalita edo 699809130 telefono zenbakira deituta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide