Ezohiko udalbatza egin zuten atzo arratsaldez Zumaiako udaletxean. Aztertu zuten gaien artean, Zumaiako Udala eta Sukia Eraikuntzak S.L. enpresaren arteko hitzarmenari behin betiko onarpena ematea egon zen. Enpresa eraikitzaile horrek egingo ditu Torreagako promozioko babes ofizialeko 46 etxebizitza, hamazazpi trasteleku eta garajeak, eta aipatu hitzarmenak arautuko dute haien zozketa. Proposamena ahobatez onartu zuten zinegotziek.
Behin deialdia aldizkari ofizialean argitaratu eta gero, izango da aukera etxebizitza horien zozketan parte hartzeko.
Aparkalekua Estazio auzoan
Estazio auzoan, Mendiaraiz enpresak lehen zuen lantokiko lursailean aparkaleku bat egokitzeko kreditu aldaketa ere onartu zuen udalak. Egun pribatua den lursaila erosi egingo du udalak, eta aparkalekua egiteaz gain, ingurua txukuntzeko baliatuko dute.