Zumaiako Udalak 6.700 euroko ikerketa-beka eskainiko du, landa eremuko emakumeen egoera sozioekonomikoa, kulturala eta politikoa aztertzeko helburuarekin. Ikerketaren bidez, emakumeek landa ingurunean izan duten eginkizunaren ikusgarritasuna eman nahi zaio, genero desberdintasunak identifikatu eta horiei aurre egiteko estrategiak proposatuz. Deialdia bigarren aldiz zabaldu du Zumaiako Udalak, lehenengoa hutsik gelditu ondoren.
Ikerketa euskaraz egin beharko da, gehienez sei hilabeteko epean, eta banaka nahiz taldeka aurkeztu daiteke deialdira. Baldintza modura, parte-hartzaileek unibertsitate ikasketak eta euskararen C1 maila egiaztatu beharko dituzte -taldeetan, gutxienez %50ak eta arduradunak, derrigorrez-. Hautatutako pertsonak edo taldeak bekaren emaitza jendaurrean aurkeztu beharko du.
Eskabideak aurkezteko epea zabalik dago, eta azaroaren 13ra arte aurkeztu ahal izango dira proposamenak, Zumaiako Udalaren Erregistro Orokorrean edo egoitza elektronikoaren bidez. Hemen ikus daitezke oinarriak.
Berdintasun planean kokatua
Berdintasun alorreko aldizkako beka da honakoa, eta azken deialdia 2021ean egin zuen udalak (bere garaian adierazi zuten bezala, bi edo hiru urtean behin argitaratuko da deialdi hau). 2025eko deialdia, beraz, etenaldi baten ostean dator, eta Zumaiako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako IV. Planaren barruan kokatzen da. Zehazki "zaurgarritasun egoeran dauden emakumeen bizi baldintzak hobetzea" helburu duen 2.2 puntuari erantzuten dio.
Azken deialdian, 2021ean, Maitane Subijana Zendoiak eta Miren Osa Galdonak lortu zuten beka, eta Mostradore atzean ikerketa egin zuten. Lan horretan, 1940 eta 2020 bitartean Zumaiako emakume merkatarien eta ostalarien historia azaleratu zuten. Ikerlana liburuxka batean jaso zuten, eta, gainera, merkatarien bizipenak jasotzen dituen podcasta prestatu zuten.