Zuzenean egin die galdera Izaskun Zorita Aztiko ikerlariak Zumaiako Talasoren atarian bildutako 24 lagunei. “Gaur goizean jaiki zaretenetik, zenbat plastiko erabili duzue?”. Erantzunak bueltan: “Madalenaren zorroa; yogurtaren potoa; esnearen ontzia…”. Bigarren galdera: “Eta gaur soinean ekarri duzuen kirol arropa, zerez egina dago?”; “Plastikoz…”. Galdera zorrotzak Zoritarenak, lehen unetik gaiaz kontzientzia hartzeko. “Plastikoaren aroan bizi gara. Plastikoa, berez, ez da txarra, baina erabilera bakarreko plastikoek kalte handia egiten dute, are gehiago ez badira ondo kudeatzen”.
Halako sarrera eginda abiatu dira 25 korrikalariak, zortzi kilometroko ibilbidean mikroplastikoen arazoari buruz gehiago jakiteko gogoarekin. Aztiko Izaskun Zorita eta Maria Uyarra ikerlariak, eta Geoparkeko Gontzal Torre biologoa izan dituzte bidelagun, Kilian Jorneten Fundazioko kolaboratzaile Josu Ansola eta Zumaiako kirol teknikari Antxon Alberdirekin batera. Eguraldi zoragarriarekin, Zumaiako Talasotik abiatu, Santa Klarara igo, handik Elorriaga auzora, bueltan Algorrira jaitsi eta Talasora bueltatu dira, tarteka geldialdiak eginez, adituen azalpenak entzuteko.
“Mikroplastikoei dagokienez, Geoparkearen eremuan, Sakonetan daukagu arazorik nabarmenena. Han bereziki pilatzen dira plastikoak eta mikroplastikoak, haitzean dauden algen artean”, esplikatu du Geoparkeko biologo Gontzal Torre. “Arazo hori han bertan kudeatzea ez da batere erraza. Batetik, kontu handiz egin beharko litzateke, ez direlako solte dauden algak, haitzean itsatsita bizi dira. Bestetik, ez dauka zentzu handirik, hura garbitzea lortuko balitz ere, hurrengo egunean berriro dena plastikoz ager daitekeelako, itsasoak berriro ekarrita”.
Torrek gogorarazi du plastikoen eta hondakinen arazoa munduko kostalde guztietan gertatzen ari dela, “gero eta nabarmenago”. “Geoparkeak sentsibilizazio eta bilketa kanpainak antolatzen ditu, eta hirugarrenen ekimenez sortutako kanpainak bideratzen laguntzen du”. Konponbideari dagokionez, bere iritziz jatorrian eragin behar da. “Itsasora plastiko gutxiago iristea lortu behar da. Behin itsasoan, oso zaila da plastiko horiek biltzea eta kudeatzea”.
Ibilbidea amaituta, hamaiketakoa egin dute korrikalariek. Indarrak berritzeaz gain, bidean entzundakoaz eta ikasitakoaz solasean egiteko aukera izan dute: “Horrelako saio gehiago antolatu beharko lirateke. Denok dakigu plastikoarekin arazo handi bat daukagula munduan, baina egunerokoan pixkanaka ahaztu egiten zaigu, inertziagatik edo. Horrelako ekimenekin kontzientzia piztu egiten zaizu”, dio batek. Laguna kezkatuta eta haserre mintzatu da mendian aurkitzen dituen hondakinekin: “Ikaragarria da. Aurrekoan ere, inguru hauetan korrika egitera irten, eta opil-marka bateko zorroak aurkitu genituen bide bazterrean, bata bestearen segidan, bide osoan zehar. Eta zenbat edari-lata eta halakoak. Zerri batzuk gara”. “Pandemiaren ondoren askoz jende gehiago gabiltza mendian eta naturguneetan, eta beti ez dugu kontzientziarekin jokatzen. Mendi lasterketen munduan ere, gero eta elikagai gehiago daude soinean eramateko, bakoitza bere plastikozko zorrotxoarekin, eta beti ez ditugu gordetzen zakarrontzira botatzeko, askotan, bidean bota eta kitto”. Denak ere pozik azaldu dira gaurko ekimenaren formatuarekin, kirola eta aisialdia oso modu erakargarrian lotu direlako ezagutzarekin eta sentsibiliazioarekin. “Eduki berbera leku itxi batean, hitzaldi batean, ez da erakargarri egiten. Horrelako proposamen bat, berriz, oso egokia da”.
Lau ontzi, konpromiso banarekin
Aztik martxan jarri berri duen Ulysses ekimeneko lehen mezulariak izan dira gaurko 24 korrikalariak. “Programa honen helburua da jakitea hondakinak eta plastikoak nondik nora mugitzen diren gure itsasoan. Horretarako, egurrezko itsasontzi txiki batzuk sortu ditugu, eta Nerbioi, Zadorra eta Deba ibaian askatuko ditugu”, hasi da azaltzen Maria Uyarra. “Ontzi batzuek GPSa eramango dute, guk uneroko jarraipena egiteko, eta beste batzuek mezu bat, konpromiso bat, kostaldera iristen denean jasotzen duenari zuzendua”. Ulysses ekimeneko lehen lau ontziak gaur bertan estreinatu dituzte, bakoitzean korrikalariek idatzitako mezu edo konpromiso banarekin. “Lau hauek Deba ibaiak itsasoratuko ditugu; ea noraino iristen diren”.
Antolatzaileak pozik emaitzarekin
Kilian Jornet Fundazioaren kolaboratzaile Josu Ansola pozik azaldu da saioak eman duenarekin. Mallorcako lasterketa batean ezagutu zuen berak ekimena, eta orduan otu zitzaion Zumaiara ekarri behar zela. “Flysch Traileko antolatzaileei proposatu nien eta hasieratik begi onez ikusi zuten, lasterketan honen helburua beti izan delako kirola eta ingurumenarekiko kontzientzia uztartzea”. Udaleko kirol teknikari Antxon Alberdik bat egin du Ansolaren mezuarekin: “Ekimen berritzailea iruditu zaigu. Jendeak badu korrika egiteko elkartzeko ohitura, baina horri ingurumenarekiko sentsibilizazioa gehitzea nahikoa berria iruditu zaigu. Udalaren helburuekin bat dator, eta gaur ikusi dugunarekin oso pozik eta eskertuta gaude, azalpenak eman dituzten adituei, parte-hartu duten korrikalariei eta ekimena bultzatzen duen Kilian Jornet Fundazioari”.