Eguraldiak baldintzatuta, baina korrikalariz eta giro onez inguraturik egin dute gaurkoan ere Flysch Trail lasterketa. 600 lagun baino gehiagok parte hartu dute gaurko proban, hain zuzen, 394 proba luzean, 271 laburrean eta 19 adin txikikoenean.
24 kilometroko proba luzean, beste behin ere, Ruben Ruzafa izan da azkarrena. 09:30ean abiatu dira Eusebio Gurrutxaga plazatik, eta leku berean amaitu du Ruzafak proba ordu bat, 49 minutu eta 59 segundura. Bigarrena izan da Nicolas Tabarant frantziarra, lasterketa 1:51:29 denboran amaituta. Hirugarrena, aldiz, Zumarragako Beñat Ibañez izan da, Tabarant baino minutu pasatxo geroago sailkatuta.
Emakumezkoen kasuan, Nerea Urteaga etxeko korrikalaria izan da bizkorrena, helmugan 2 ordu, 12 minutu eta 30 segundura sailkatuta. Bigarren sailkatu da Ania Hernandez gasteiztarra, 2:14:18 denborarekin. Podiuma osatzen hirugarrena Elorrioko Jone Zenitagoia izan da, eta horretarako, 2:14:19 denbora behar izan ditu.
Proba motzari dagokionez, Mikel Goikoetxea mutrikuarra izan da lehenengoa helmugaratzen, 01:01:54 denborarekin. Bigarrena, aldiz, iazko irabazle Mikel Gurrutxaga izan da, Goikoetxea baino ia minutu geroago helmugaratuta. Hirugarren Beñat Ibañez bidaniarra iritsi da, eta Gurrutxaga baino ia bi minutu gehiago behar izan ditu helmugaratzeko.
Emakumezkoetan, aldiz, Jule Olaizola eta Garazi Artola zumaiarrak izan dira azkarrenak, hurrenez hurren, 1:14:41 eta 1:17:40ko denboran. Hirugarren, Aizarnazabalgo Laia Zumeta helmugaratu da, 1:19:03 denborarekin.
(Argazkiak: Mireia Galarza Bastida eta Flysch Trail)